2017-03-24

Arartekoak dokumentu batean bildu ditu 14 urtetik beherako arau-hausleei herri-administrazioak emandako arreta eta horren balorazioa

2017-03-24 Auzia Euskaraz!




Urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoak hala ezarrita, Fiskaltzak “babeserako erakunde-publikora” bidaltzen dituen haur arau-hausleei zer-nolako  arreta ematen zaien aztertzen da ikerketa-lanean; horretarako, eskumena duten erakunde batzuei kontsulta egin die Arartekoak, 2015 eta 2016an.

Dokumentuan jasotakoak partekatu nahi dira, Euskadiko hiru lurralde historikoetako agintaritzek adingabe horiekin jarraitutako prozedurak hobeto ezagutzeko, batetik, eta, bestetik, ahultasun elementuak ikusgarriago egiteko.

Lehen aipatutako Lege Organikoak xedatu bezala, neska-mutil horiei ez zaie erantzukizunik esleitzen; horren ordez, adingabekoak babesteari buruzko arauetan ezarritakoa aplikatzen zaie. Fiskaltzak adingabekoen babeserako erakunde publikoari testigantza bidali beharko dio adingabeari dagozkion xehetasunen gainean, eta erakunde horrek haren egoerari egokitutako babes neurriak sustatu beharko ditu, urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera. Arartekoak ez du ezagutzen kasu horietan jarduteko modua ezartzen duen erregulaziorik.

Normalean, testigantza hori foru aldundiei bidaltzen die Fiskaltzak, eta horiek haurra edo nerabea bizi den udalerriko lehen mailako arretako gizarte zerbitzuetara bideratzen dute kasua.

2017-03-21

Xabier Martinez Sainz (laguntzaile judiziala): “Konbentzituta nago herritarrek eskertu egiten dutela euskaraz egitea”

2017-03-21 Auzia Euskaraz!


Gernikako epaitegiko laguntzaile judiziala da Xabier Martinez Sainz. Berak dioen moduan, epaitegien eta herritarren arteko bitartekariak dira bere taldekoak. Xabierrek naturaltasun osoz egiten du bere lana euskaraz; horri buruzko solasaldia izan dugu berarekin. Besteak beste, kontatu digu konbentzituta dagoela herritarrek euskaraz egitea eskertu egiten dutela: “herritar asko egoerak gaindituta etortzen dira; garrantzitsua da guk ondo artatzea eta ahalik eta harrera goxoena ematea, bakoitzari bere hizkuntzan”.  

Hemen elkarrizketa osoa:



2017-03-17

Inguma datu basean arlo juridikoko edukiak euskaraz

2017-03-17 Auzia Euskaraz!

Inguma izeneko daru basearen berri eman nahi dizuegu gaur.

UEUk Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz sortutako datu-basea da Inguma. Bertan, unibertsitatean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzitakoari buruzko oinarrizko informazioa ematen da, hots, zer egin den eta nork egin duen. Ez da, beraz, lan bibliografiko bat, eta ez da dokumentu bakoitzaren deskribapenik edota baloraziorik egiten (euskararen kalitateaz, adibidez).

Egitasmoaren helburu nagusia da euskal produkzio akademikoaren berri ematea, eta, horretarako, tresna azkarra sortu dute euskarazko produktuak zein egile euskaldunak ezagutarazteko.

Datu-base honetan, mota ezberdinetako produktuak kontuan hartu dira: ahozkoak (hitzaldiak, ikastaroak eta irakasgaiak) eta idatzizkoak (liburuak, artikuluak, hitzaurreak, liburu-aipamenak, edizio kritikoak, ikerketak eta doktorego-tesiak).

Adibidez, Zuzenbidea Ikasten irakaskuntzarako aldizkariaren 7. zenbakian, euskara zuzenbidearen ikuspuntutik aztertzen dute ikasleek, besteak beste. Auzia Euskaraz proiektuaren gainean ere aritzen dira artikulu batzuetan.

Interesa baduzue, hemen kontsulta dezakezue: Euskara zuzenbidearen ikuspuntutik

2017-03-14

2016an gora egin zuten tratu txarren emaileei ezarritako kondenek, genero indarkeriak eragindako salaketek eta biktimak babesteko neurriek

2017-03-14 Auzia Euskaraz!


Joan den astean, 2016. urteari dagozkion estatistikak eman zituen argitara Etxeko Indarkeriaren eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiak. Iaz, emandako datuen arabera, 2015arekiko 3 puntu portzentual baino gehiago hazi zen tratu txarren emaileei ezarritako kondena kopurua, ia hamaika puntuko hazkundea izan zen genero indarkeriagatik organo judizialetan aurkeztutako salaketetan, eta nabarmen egin zuen gora biktimak babesteko neurri kopuruak. 

Epaiekin hasita, 2015ean Estatuan genero indarkeriaren gainean eman zirenen artean, % 62,5 kondena epaiak izan ziren; iaz, berriz, % 66,2ra igo zen zenbateko hori -47.175 epai eman ziren: 31.232 kondenak eta 15.943 absoluzioak-. Kondena epaietan, 3,6 puntuko hazkundea izan zen, beraz, iazko urtean.

Bestalde, genero indarkeriarekin lotutako 142. 893 salaketa jaso zituzten Estatuko epaitegiek 2016an: 10,6 puntuko hazkundea 2015arekiko (urte hartan, 129.193 salaketa izan ziren). Beste alde batetik, 134.462 emakumek pairatu zuten indarkeria matxista (8 puntu eta erdiko igoera), eta horietatik 40.168 atzerritarrak ziren: % 29,9.

2017-03-10

BEZari lotuta egon gabe jarraituko du Doako Laguntza Juridikoak

Martxoaren 1ean aditzera eman zutenez, Gobernuak eta Abokatutzak akordioa egin dute BEZari lotuta egon gabe jarrai dezan Doako Justiziaren zerbitzu publikoak. Egungo Doako Laguntza Juridikoaren Legearen erreforma sustatuko du Gobernuak, eta horren bidez berretsiko du elkargoen betebeharra dela zerbitzu hori eskaintzea, ofiziozko txandako abokatuen baremoek kalte-ordain izaera dutela, bai eta zerbitzu hori ez dagoela BEZaren menpe ere. PPk eta PSOEk adostutako lege proposamena izango da.

Gaur egun, ordaindutako zerbitzu gisa dago kalifikaturik Doako Laguntza Juridikoa, eta, horrek zerbitzuaren ondore fiskalen gaineko zalantzak sortu zituen; Erreformari esker, zalantza horiek argituko dira. 

Jakitera emandakoaren arabera, profesionalek jasotako dirua ezin da ordainketa gisa hartu, merkatuko prezioetatik aldentzen delako eta profesionalak ez duelako hura aldatzeko ahalmenik; izan ere, baremo baten menpekoa da, ezarri egiten da. Horrenbestez, zenbateko horrek kalte-ordain izaera du, helburua izanik abokatu zein prokuradoreak indemnizatzea merkatu irizpideez aparteko ordaina duen zerbitzu bat emateagatik.