2013-01-25

Donostia-SanSebastian edo Donostia / San Sebastian?

Donostia / San Sebastián
Donostia-San Sebastián

Herri bakar bat esateko bi izen erabiltzen direnean, barra (/) tartekatzen zaie: Arrasate/Mondragón, Esrella/Lizarra, Agurain/Salvatierra....

Bi herri elkartzean sortutako leku-izenak marratxoz (-) idazten dira: Lasarte-Oria, Ezkio-Itsaso, Gernika-Lumo...

Beraz, Gipuzkoako hiriburuaren izen ofiziala Donostia / San Sebastián da. Dena dela testu barruan euskaraz Donostia erabiliko dugu eta San Sebastián gaztelaniaz:


Donostiako epaitegietako idazkari judizialak…
Las secretarias judiciales de san Sebastián


Azkenik, errotuluetan, bide-seinaleetan eta abarretan, bi izenak aipatu beharko dira batera (Donostia / San Sebastián), ez baitaude hizkuntza jakin bati loturik.

2 iruzkin:

  1. Azalpen zuzena ematen duzuen arren, uste dut zehaztapen batzuk egin behar direla. Izan ere, «Donostia erabiltzea euskaraz eta San Sebastián gaztelaniaz» ez da gomendio hutsa, agindua baizik.

    Donostiako Udalak bere udalerriaren izen ofiziala aldatzeko erabakia argitaratu zuen 2012ko abuztuaren 7an, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (https://ssl4.gipuzkoa.net/castell/bog/2012/08/07/c1207712.pdf); erabaki horri berretsia izan zen BOEn, 2012ko irailaren 24an (http://www.boe.es/boe/dias/2012/09/24/pdfs/BOE-A-2012-11967.pdf).

    Donostiako Udalaren erabakitik hartzen dut pasarte hau, hitzez hitz:

    «Udalerriak izen bat du euskaraz, «Donostia», euskarazko testuetan erabiliko dena,
    eta beste bat gazteleraz, «San Sebastián», gaztelerazko testuetan erabili beharrekoa; eta, bi izenak batera erabili behar direnean, «/» sinboloaz banatuko dira, eta tarte bat utziko da sinbolo horren aurretik eta atzetik».

    Batzuetan, errotuluetan, bide-seinaleetan eta abarretan, bi izenak aipatu beharko dira batera (hizkuntza jakin bati lotu gabe, alegia). Halakoetan, eta halakoetan bakarrik, «Donostia / San Sebastián» erabili beharko da.

    ErantzunEzabatu
  2. Kaixo Gotzon,

    Eskerrik asko zure iruzkinagatik, eta lehenik eta behin, barkatu erantzuteko hainbeste denbora behar izanagatik.

    Arrazoi duzu diozunean «Donostia erabiltzea euskaraz eta San Sebastián gaztelaniaz» ez dela gomendio hutsa, agindua baizik. Hori dela-eta pilulako testua aldatzea erabaki dugu.

    Eskerrik asko berriz ere eta ondo izan.

    ErantzunEzabatu

Mila esker zure ekarpenagatik.