2013-12-05

Abokatu eta prokuradoreekin bilerak: Gipuzkoako bilera erronda amaitu dugu

2013/12/05 Auzia Euskaraz

Dakizuen bezala Gipuzkoako eta Bizkaiko barruti judizialetako justizia jauregi guztietan bertako abokatu eta prokuradoreekin bilerak egiten hasi ginen azaroan. 9 bilera egin ditugu guztira: Tolosa, Bergara, Eibar, Irun, Donostia, Azpeitia, Gernika, Durango eta Bilboko epaitegietan. Gipuzkoan, jada, bilera erronda amaitu dugu.

Nabarmentzekoa da harrera oso ona izan dutela Auzia Euskaraz proiektua aurkeztu eta  profesionalen parte hartzea definitzeko egindako bilerek. Horren adierazgarri da parte hartzaile kopurua: orain arte 50 abokatu eta prokuradorek hartu dute parte. Parte hartze altuaz gain,  proiektuan inplikatzeko, lanerako ilusioz eta lankidetzarako gertu daude hainbat eta hainbat abokatu eta prokuradore euskaldun. Esan izan dugun legez, maratoi bat daukagu aurrean. Aurrerapausoak ematera goaz, hori baita bidea.

Gipuzkoako bileretako ondorioak:

Formularioak aztertu eta euskaratzea, lege-testuak eguneratu eta itzultzea, eta komunikazioa eta teknologia dira abokatuekin landuko ditugun arloak.  Arlo bakoitzean egoeraren azterketa egin ondoren, lehentasunak ezarri eta euskaraz lan egiteko hobekuntza ekintzak martxan jarriko ditugu.

Lan ildo bakoitza lantzen hasteko informazioa orokorra eta hainbat proposamen jaso ditugu. Besteak beste, epaitegi batzuetan diziplinarteko taldeak sortzeko proposamena ere jaso da. Horrekin, prozedura baten parte hartzen duten operadore juridiko guztiak (epailea, fiskala…) euskaldunak direnean jarraitu beharreko protokoloa adosteko asmoa agertu da. 

Hemen lan arlo bakoitzean aipatutakoen laburpena.

Formularioak aztertu eta eguneratzea. Lehentasunak:
  • Presazko eginbideak (DUR)
  • Adostasunezko dibortzioak
  • Borondatezko jurisdikzioko formularioak: ezgaitasunak, kontuak ematea (rendiciĆ³n de cuentas)
  • Administrazioarekiko auzietakoak ez diren formularioak
  • Adostasunezko familia prozeduretako (procedimiento familiar de mutuo acuerdo), betearazpeneko (ejecutoria) eta monitorioetako formularioak
  • Prokuradoreen jakinarazpenak
Lege-testuak eguneratu eta itzultzea. Lehentasunak:
  • Legea da abokatuen lan tresna eta ezinbestekoa da legea euskaraz eguneraturik izatea.
  • Oinarrizkoa da Kode Zibila eta PZLa eguneraturik edukitzea.
Komunikazio eta teknologia arloa. Lehentasunak:
  • Auzia Euskaraz proiektuaren informazioa abokatu eta prokuradoreen artean zabaltzea
  • Albisteak, txioak… sortzeko lankidetza
  • Abokatu eta prokuradoreen komunikazio ohituretara egokitutako euskarriak sortu eta zabaltzeko lankidetza
Sakabanatutako kolektiboa izaki, hemendik aurrerako pausoak posta elektroniko bidez adostuko ditugu.

Bizkaian, aurreikusitakoa betez, urte berriarekin batera amaituko ditugu  bilerak. 3 hitzordu geratzen zaizkigu. Hona hemen hurrengo asteetako bileren egutegia:
  • Barakaldo: Abenduak 13
  • Getxo: Abenduak 20
  • Balmaseda: Urtarrilak 10
  • Gasteiz eta Amurrio: data zehazteke

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.