2014-01-24

Abiatzekotan fiskalen, epaile eta magistratuen eta idazkari judizialen lan-taldeak

2014/01/24 Auzia Euskaraz

Aurrerapausoak ematen ari gara Auzia Euskaraz proiektuan, eta albiste honetan fiskal, epaile eta idazkari judizialekin lanean hasteko jorratzen ari garen bideen berri eman nahi dizuegu. Orain arte abokatu eta prokuradoreen lan-taldeetan egindako lanaren eta ditugun asmoen berri eman dugu nagusiki blog honetan, baina esan bezala, gainerako eragile juridikoekin lanean hasteko sukalde lanetan ere bagabiltza.

Fiskalei dagokienez, eskutitz bat bidali zitzaien epaitegietako fiskalei proiektu honen berri emanez eta parte hartu nahi zutenei horretarako bideak zein diren jakinaraziz. Bestalde, aurki lurraldeetako fiskalburuekin biltzekoak gara, proiektuaren berri emateko eta adostasunak lortzeko. Behin haien adostasuna lortu eta gero, fiskal euskaldunekin biltzeko asmoa dugu.

Epaileen kasuan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak abenduaren 13an egindako bileran Auzia Euskaraz proiektuaren berri eman zitzaien bertako epaile eta magistratuei. Orain, epaile eta magistratu euskaldunen inplikazioa lortze aldera, mezu berezi bat bidaliko zaie Epaibitik epaile euskaldunei, haiekin pertsonalki biltzeko proposamena eginez eta proiektuan parte hartzeko zuzenean gonbidatuz. Jakinda euskaraz ondo ez moldatu arren, badela proiektuan gustura parte hartuko lukeen epailerik, gainontzeko guztiei ere mezu orokorrago bat bidaliko zaie asmoaren berri emateko.

Azkenik, idazkari judizialak hizpide hartuta, urtarrilaren 27an lurraldeetako idazkari koordinatzaileek EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salakoekin bilera izango dute, eta bertan aztertuko dute zein den biderik egokiena idazkari judizialengana iristeko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.