2014-01-16

Bizkaiko abokatuekin bilerak: Ondorioak

2014/01/16 Auzia Euskaraz

Azaroa eta urtarrila bitartean Bizkaiko barruti judizialetako justizia jauregi guztietan bertako abokatuekin bilerak egin ditugu. 6 bilera izan dira eta 24 abokatuk hartu dute parte.

Auzia Euskaraz proiektua aurkeztu eta abokatuen parte hartzea definitzeko egindako bilerak zer eman duten laburtzeko garaia iritsi da. Lanerako gogoz gerturatu dira abokatuak eta proposatutako lan ildoen inguruko hainbat ekarpenak jaso ditugu. Azpiko laukian ikus dezakezue lan ildo bakoitzaren inguruan jasotako ekarpenen laburpena.

Hiru lan ildo nagusiez gain (formularioak, lege testuak, komunikazioa), bestelako proposamen batzuk ere jaso ditugu eta horiek bideratzen ari gara. Jada, lan ildo nagusietako hurrengo urratsak posta elektroniko bidez adosten hasita gaude.

Urratsez urrats egiten da bidea.




Formularioak:
  • Datu baseak erabiltzen dituzte normalean, gero bakoitzak bere beharretara pertsonalizatzen ditu.
  • Eusko Jaurlaritzak orain dela urte batzuk ateratako formularioen bilduma CDa erabili izan dute
  • Formularioen bilduma orokor bat eskura izatea beharrezkotzat jo da.  Horren haritik, komentatu da datu base publiko eta elebiduna sortzea arrakastatsua izango litzatekeela.
  • Formularioak eguneratzerakotan hurrengoetan jarri beharko lirateke lehentasunak: administrazioarekiko auzietan, adostutako dibortzioetan, zigor arloan, lan arloan (zenbatekoak  erreklamatzea), adiskidetzeetan eta arlo zibilean.

Lege Arloa:
  • www.noticias.juridicas.com eta antzeko iturrietan kontsultatzen dituzte lege testuak.
  • Legeak euskaraz eguneratuta izatea oso garrantzitsua dela aipatu da, baita lege testuak jasoko dituen baliabide informatikoaren erabilgarritasuna (kopiatu eta itsatsi) eta kontsultatzeko erraztasuna ere.
  • Lehentasunezkotzat jo da euskarazko bertsioen (itzulpenen) kalitatea bermatzea.
  • Zalantzak argitzeko erreferente den bilaketa-gune baten beharra ere aipatu dute, leku batera, ziurtasunez, jotzeko aukera izateko.

Komunikazioa:
  • Bloga: www.auziaeuskaraz.com
  • Twitter kontua: Auzia Euskaraz (@AuziaEuskaraz)
  • Abokatuen kanaletan proiektuaren inguruko informazioa zabaltzea
  • Esperientziak partekatzea

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.