2014-02-11

Aurrez aurreko bilerak epaileekin

2014-02-11 Auzia Euskaraz

Auzia Euskaraz proiektuak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko onarpena jaso ondoren, epaileen lantaldea martxan jartzeko pausoak ematen hasi ginen. Lehenik, posta bidez egin genien deialdia eta dagoeneko eman dute izena epaile batzuek. Horrez gainera, eta gure helburua izanik proiektuak ahalik eta zabalkunde handiena izatea, epaile euskaldun guztiekin aurrez aurre eta banaka biltzeko asmoa dugu Auzia Euskaraz proiektuan izena eman eta parte hartzera animatzeko.
   
Bilera horietan gure asmoen berri emango diegu eta haiengandik aurrerapausoak emateko informazioa ere jaso nahi genuke. Ondoko gai hauek jorratuko ditugu:

  • “Auzia Euskaraz” proiektuaren berri eman
  • e-Toolbarra erakutsi (testu juridikoak euskaraz idazten laguntzeko tresna informatikoa), eta halaxe eskatzen badute, haien ordenagailu pertsonaletan instalatu. Horrez gainera, e-Toolbar-a epaileen beharretara eta haien aholkularitzaz moldatzeko informazioa jasoko dugu.
  • Epai zein epaitzen ereduen bilketa egin eta beraientzat espreski garatutako e-Toolbarrean txertatu.
  • Auziak epaitegien artean banatzeko arauak errepasatu eta euskarazko auziak epaile euskaldunak dituzten epaitegietara bideratzeko proposamena aztertu.
  • Epaitegietan sor daitezkeen balizko talde elebidunak sortzeko aukerak aztertu, bertako langileen eta idazkari judizialaren euskara ezagutzaren maila aintzat hartuta.
  • Hizkuntza arloko beharrak eta bestelakoak zein diren identifikatu: jurisprudentzia euskaraz, legeen itzulpena eta eguneraketa…


Horiek guztiak epaile euskaldunekin landuko ditugu; baina horiez gain, oso garrantzitsuak dira Auzia Euskaraz proiektuan euskaraz ikasten ari diren epaileak, bai eta auziak euskaraz izapidetzen laguntzeko prest dauden epaile erdaldunak ere. Euskaraz ez jakin arren, edo nahikoa mailarik ez izan arren, ekarpen handia egin ahal diote gure proiektuari eta haien laguntza ezinbestekoa izango da auziak euskaraz izapidetzeko xedearekin egiten ari garen bide honetan.

Hori horrela izanda, euskaraz ez dakiten edo ikasten ari diren epaile horiekin ere biltzeko asmoa dugu, lankidetzan eta adostasunean oinarrituz, zein urrats eman ahal ditugun identifikatu eta horiek sustatzeko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.