2014-11-10

Eremu judizialean katalanaren erabilera sustatzeko kanpaina berria abiatu du Generalitateak: ‘En català, també és de llei’

2014-11-10 Auzia Euskaraz!

Generalitateak ‘En català, també és de llei' kanpaina abiarazi du, justizia arloan herritarrak, profesionalak zein ikasleak katalana erabiltzera bultzatzeko.

Herritarrak sentsibilizatzeko, eta besteak beste, sektoreko profesional diren erregistro publikoetako langile, notario, abokatu eta lan harremanetako graduatuen arteko lan harremanetan ohiko hizkuntza gisa katalanaren erabilera sustatzea du xede kanpainak.

Ekimen honen baitan, herritarrak beraien hizkuntza erabiltzera animatzen dituzten magistratu, abokatu, prokuradore eta notarioen adierazpenak azaltzen diren iragarkiak zabaldu dituzte.



Arlo juridikoko profesionalek herritarrei hizkuntza aukera egiteko gonbidapena egitera motibatu nahi ditu. Zuzenbideko ikasketak egiten dihardutenei zuzenduriko mezuak ere badira kanpainan. Ikasleak partaide egiten ditu, hasieratik jakin dezaten, etorkizunean izango dituzten lan harremanetan katalana normaltasun osoz erabil dezaketela.

Horrez gain, herritarrek justiziako profesionalengana edota justizia administraziora katalanez zuzentzerakoan izan ditzaketen zalantza nagusiak argitzeko mezuak zabaldu dituzte, honako gaien inguruan:
•    Katalanez idatzitako dokumentuak baliogarriak dira:
•    Justizia, katalanez lan egiteko prestatuta dago
•    Katalanez deklaratu dezakezu
•    Zu zara bezeroa, esan abokatuari katalanez ordezkatzeko
•    Zuk aukeratzen duzu hizkuntza, legeak babestu egiten zaitu
•    Erregistroak, katalanez ere bai
•    Dokumentu publikoak katalanez ere eska ditzakezu

Hemen duzue ‘En català, també és de llei’ kanpainaren web orria. Bertan ikus ditzakezue zabaldu dituzten bideoak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.