2014-12-03

Abenduak 3 Euskararen eguna!


Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatzen dugu, San Frantzisko Xabierren egunean. Santua 1552ko abenduaren 3an hil zen, eta kondairak dioenez, hil aurreko azken hitzak bere ama hizkuntzan esan zituen, euskaraz.

1949an Eusko Ikaskuntzak ezarri zuen egun hau Euskararen Nazioarteko Egun gisara, eta 1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu zuten.

Egun berezi hori ospatzeko, Justiziako Hizkuntza Normalizaziorako Lantaldeko (epaiBi) kideok informazio mahaiak jarriko ditugu hainbat epaitegitako sarreretan: Bilbon, Donostian, Eibarren, Gernika eta Tolosan. EpaiBik eskaintzen duen zerbitzuaren inguruko informazioa emango dugu. 10:00etatik 13:00etara epaitegiko harreran egongo gara, gerturatu zaitez!


Bestalde, euskararen egunaren harira antolatu dugun lehiaketako irabazlea Rosario Naveran dela jakinarazten dizuegu. Zorionak! Berarentzat izango da “Euskara jendea” dokumental sorta. Erantzun zuzenak hemen daude:



ERANTZUNAK: Euskararen Eguneko lehiaketa

Hona hemen astelehenean bidali genituen galderen erantzunak:

1. Terminologia juridikoa

XEDAPEN: Lege edo erabaki judizial batek erregulatutako puntuetako bakoitza

BAKE EPAITEGI: Lehen auzialdiako eta instrukzioko epaitegirik ez dagoen udalerrietan jurisdikzio funtzioak egikaritzen ditu, eta dagokion lurralde eremuan du eskumena

LEKUKO: Prozedura judizialean ezagutzen edo ikusi dituen gertakarien inguruan deklaratzen duen pertsona

2. Euskararen Eguna

1949an ospatu zen lehen aldiz Euskararen Eguna Eusko Ikaskuntzaren ekimenez. Iparralden eta Amerikako hainbat herrialdetako euskal etxeetan ospatu zen.

3. Xaboia eta hitza

Bernardo Atxagak egin du aipua gure artean ezagun; hala ere, aipua ez da berea, Abdelfattah Kilitorena baizik.

4. Esaera zaharrak

Hona hemen bidali dizkiguzuen esaera zahar guztiak:

Ezina, ekinez egina
Esku bakarrak ezin dau txalorik egin
Hainitz mintzatzea baino zuhurrago da xuxen mintzatzea
Akerrak adarrak okerrak
Tximinoa gorago eta uzkia ageriago
Egia egi, ogia ogi, ardaua ardau, bi ta bi lau
Usteak erdia ustel
Gaizki esanak barkatu eta ondo esanak gogoan hartu
Pekatu arina norberak egina
Abenduko eguna, argitu orduko iluna
Hitza hitz
Gogoko lekuan, aldaparik ez
Asto batek baino bik gehiago dakie
Aditu nahi ez duenak, ez du esan behar
Txapela buruan eta ibili munduan
Kalean uso, etxean otso
Katurik ez dagoen etxean, saguak dantzan
Gazteak baleki, zaharrak baleza
Non gogoa, han zangoa
Artoak ontzeko, ereiñ behar dira garagarrilean; guk ereiñ genitun uztan, orregatik gelditu ziren ez buru ta ez buztan
Zalea dok erretaria artoaren truke emoten garia
Orratza, bat bakarra duenari galtzen zaio
Zenbat eta ipurdia gorago, orduan eta burua beherago
Izena duena da
Azaroa hotz, negua motz
Nolako zura, halako ezpala

Azkenik, urtea amaitzen ari den honetan, egun seinalatu hau aprobetxatu nahi izan dugu, www.auziaeuskaraz.com-eko urteko albiste eta pilula irakurrienen bilduma zabaltzeko. Buletin berezi honetan ikus ditzakezu zeintzuk izan diren urtean zehar klik gehien izan duten albisteak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.