2015-02-12

Hizkuntza normalizazioa bake-epaitegietan

2015-02-12 Auzia Euskaraz!

Justizia Administrazioko Zuzendaritzak agindua zabaldu zuen 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera Epainet erabiltzeko bake-epaitegietan. Epainet sistema informatiko bat da, bake epaitegietako langileek erabiltzen dutena. 2014a baino lehen bake-epaitegi askotan Epainet erabiltzen zuten, baina ez guztietan, eta aginduaren bidez lortu zen justiziako langileak dauden bake-epaitegi gehien-gehienetan sistema informatiko bakar eta bateratua erabiltzea. 

Hizkuntza normalkuntzari ere eragiten dio kontuak, izan ere, Epainet sistema informatikoaren bidez ateratzen diren dokumentuak elebidunak dira, eta hala, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko bide ematen du. 

Bestalde, otsail hasieratik Epainet-en azken bertsioa instalatzen joango dira bake epaitegi guztietan; bertsio berri horrek aldaketa batzuk ere ekarriko ditu. Batetik, zitazioak egiteko eginbidean herritarrari galdetu egingo zaio agerraldian zein hizkuntza erabili nahi duen. Neurri horren bidez, epaitegietako funtzionamendua hobetu nahi da, izan ere, herritar hori epaitegira joango denean, agerraldia euskaraz egin nahi badu interprete zerbitzua prest izango da, horren beharra egongo balitz.


Bestetik, bake-epaitegietako langileei itzulpenak egiten laguntze aldera, bertsio berri honekin aukera izango dute e-Toolbar tresna informatikoa erabiltzeko. Barruti judizialetako buru diren epaitegietako langileek bazuten e-Toolbarra erabiltzeko aukera dagoeneko, eta 2014tik abokatu eta prokuradore euskaldunen bulegoetan instalatzen ari gara. Orain bake-epaitegietako langileek ere erabili ahal izango dute tresna (e-Toolbar tresnari buruzko informazioa).


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.