2015-03-17

Erregistro zibil eta bake epaitegietan euskarak zer leku?

2015-03-17 Auzia Euskaraz!

Inskripzioak
Erregistro liburuen sistema informatizatua martxan jarri zenetik, erregistro zibil guztietan eta bake epaitegi gehien-gehienetan lau inskripzioak euskaraz ere egin daitezke: jaiotza, heriotza, ezkontza eta tutoretza. Gaur egun jaiotza, ezkontza eta heriotza ziurtagiriak Internet bidez ere eska daitezke. Horretarako, nahi duzun ziurtagiria aukeratu; doan eta posta arruntez bidaliko zaizu eskatutako ziurtagiria.

Ziurtagiriak
Inskripzioak egiteaz gain, ziurtagiriak ere egiten dituzte bake epaitegi eta erregistro zibiletan.
Jaiotza-, ezkontza- eta heriotza-ziurtagiriak ematen dituzte, bai eta bizi agiriak eta pertsonen egoera zibilari buruzko ziurtagiriak ere (ezkongabea, alarguna edo dibortziatua). Tutoretza ziurtagiriak erregistro zibiletan soilik ematen dituzte.

Hizkuntzaren auziari dagokionez, ziurtagiri guztiak eskuratu daitezke elebidun salbuespen batekin; izan ere, jaiotza-, ezkontza- edo heriotza-ziurtagirien kasua desberdina da, ematen den ziurtagiria erregistroko liburuaren kopia bat delako. Azken hauen kasuan bi aukera daude:
  • Kasuan kasuko erregistro zibila / bake epaitegia informatizatu aurretik inskribatutako gertaerak jaso ziren hizkuntzan bakarrik eskura daitezke, hau da, gaztelaniaz.
  • Kasuan kasuko erregistro zibila / bake epaitegia informatizatu osteko gertaera guztiak euskaraz zein gaztelaniaz eskura daitezke.
Euskadiko bake epaitegiak eta erregistroak 2009. urtetik aurrera hasi ziren informatizatzen, eta egun, gehien-gehienak informatizatuta daude. Horrenbestez, urte hori baino lehenagoko inskribatutako gertaera baten ziurtagiria euskaraz ematea ez da posible, ordura arte inskripzioak gaztelaniaz soilik egiten zirelako.

Euskaraz ezkondu nahi baduzu
Ezkongaietako bat erroldatuta dagoen herriko erregistro zibil edo bake epaitegian egin behar da ezkontzeko eskaera eta bertan espedienteari hasiera emango diote. Beharrezko dokumentazio aurkeztu ondoren, ezkontzarako eguna eta ordua zehaztuko da.

Gomendatzen da ezkontzarako eguna eta ordua hartzera joatean hura euskaraz izateko eskaera egitea. Horrelako eskaeren aurrean hiru egoerarekin egin dezakegu topo:
  • Epaileak euskaraz hitz egitea
  • Epaileak euskaraz hitz egiteko nahikoa ezagutza ez izatea, baina ezkontza ekitaldiko testua euskaraz irakurtzeko prestutasuna agertzea.
  • Epaileak gaitasunik ez izatea eta interprete baten beharra izatea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.