2015-04-28

Erregutu edo eskatu?

2015-04-28 Auzia Euskaraz!

Zuzenbidean komunikatzeko erak zaindu beharraz mintzatzen da bere blogean Manuel Moralo Aragüete abokatua, “Estilo Juridico” blogeko idazlea. Blog horretako azken hausnarketetako batean “erregutze iraingarri” izendatzen duenari buruz idatzi zuen (gaztelaniaz “Infamante Suplico” deitzen dio). Idazki juridikoetako azken eskaera egiteko adierazpide hori erabiltzeko ohitura zaharrari tiraka (epaitegiari edo salari erregutu…) eta hurrengo arrazoiak tarteko, berak termino hori (erregutu) alboratzea proposatzen du.

“Benetako babes judiziala oinarrizko eskubidea bada, Konstituzioak bermatzen duen eskubide bat, ulergaitza da abokatuok gure bezeroen eskubideak erregutu behar izatea. Ez da erregutu behar, eskubideak egikaritu egin behar dira. Beraz, botere judizialari erabaki bat eman dezala eskatzean ez dago ezer lotsarazi behar gaituenik.

Horregatik guztiagatik, badira urte batzuk, ez dudala erregutu aditza erabiltzen epaitegi edo auzitegietan. Horren ordez, eskatu egiten dut. Inork ez dit akats formalik leporatu horrela jarduteagatik.” dio Manuel Moralo Aragüete abokatuak.

Proposamena aintzat hartuko dut, nahiz eta jakin badakidan kostako zaidala. Aitortzen dut epaitegi eta auzitegien aurrean erregutu egiten dudala eta administrazio-organoen aurrean, aldiz, eskatu. Ez dut gogoan zergatik jokatzen dudan horrela. Ia superstiziosoa dela esango nuke, ez dut nire burua imajinatzen epaitegi bati administrazioarekiko auzietako errekurtsoa  eskatzen. Kasik, eskaera ez onartzeko arrazoia irudituko litzaidake.

Esajeratzen ari naiz, egin kasu Manueli, eta ez niri.

(www.umerez.eu blogeko artikulua)

1 iruzkin:

  1. Nik oso argi daukat: 20 urte baino gehiago daramazkit epaitegiei eskatzen, ez erregutzen. Gazteleraz, "solicito al juzgado" erabiltzen dut. Ez dakit eraginik daukan, baina behintzat ez diot nire buruari traizio egiten.

    ErantzunEzabatu

Mila esker zure ekarpenagatik.