2015-04-23

Gaur Liburuaren Nazioarteko Eguna

2015-04-23 Auzia Euskaraz!

1996an Unesco erakundeak apirilaren 23a Liburuaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen. Hori dela eta, hainbat ekitaldi egingo dira gaur Liburuaren Eguna ospatzeko.  

Guk euskarazko liburuen irakurzaletasuna bultzatu nahian, euskarazko pare bat libururen gomendioa egiteko aukeratu dugu eguna:

Mamuak (Ana Urkiza, 2014)

Kontakizun laburrak eta luzeak txandakatuz, beldurrak, damuak, ilusio zapuztuak landu ditu Ana Urkizak ipuin bilduma honetan. Bizikidetzaren gazi-gozoak, bikoteen bakardade konpartituak, gurasoen larritasunak, gaztaroaren ihes ebitaezina, esperantzen ihartze geldoa… horra narraziootan begirada zorrotz baina aldi berean amultsu batez landuriko gaietako batzuk.

Iraganetik datoz mamuok sarri: noizbaiteko mutil-laguna ager liteke bat-batean, edo bikotekide izan zitekeen baina izatera iritsi ez zena; norberaren itxaropenak eta oroitzapenak ez datoz beti bat besteak dituenekin… Bizitzaren erdialdera iritsita, gaztetako ametsak errealitatearekin kontrastatu beharra dator, denboraren ispiluan begiratu beharra, dela seme-alaben imintzio aztoratuetan, dela aita-amen keinu nekatuetan.




Atertu Arte Itxaron (Katixa Agirre, 2015)

Road Movie antzeko bat Euskal Herrian barrena. Uliak bere sorterria erakutsi nahi dio bikotekideari, eta ibilbide lasai bat prestatzen dute, udan zehar, bigarren mailako errepideetan, Gustavoren BMW berrian. Dena ez da horren lasaia, ordea. Uliak badu aitortu gabeko sekreturik, eta bidean topaturiko ezagunen batek ekaitza iragartzen du bikotearen harmonian, zeruko laino beltzen antzera.

Trebezia handia erakusten du Katixa Agirrek bere lehenengo eleberri honetako hari mataza desberdinak josten: 1976ko martxoko Gasteizko borrokak agertuko dira batean, Benjamin Britten konpositore ingelesa beste batean… Pertsonaiek Lekeitioko hondartzak, Arabako bailarak, Bilboko kokteleriak edo Baztango baserriak bisitatu ahala, dotoreziaz konbinatuko ditu egileak solas arinak eta hainbat gairi buruzko gogoeta finak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.