2015-05-08

“Haurdunaldia eteteari buruzko legea dela eta” Iker Arozenaren iritzi artikulua

2015-05-08 Auzia Euskaraz!

Buelta asko eman ditu abortuaren legearen erreformak, manifestazio jendetsuak, hamaika adierazpen eta ministro baten dimisioa egon dira tartean. Iker Arozenak abokatuak gaia hizpide hartuta beheko artikulua idatzi du auziaeuskaraz.eus blogerako.

Iragan apirilaren 15ean haurdunaldia eteteko asmoari buruz arautegi berria ekarriko duen, lukeen, Lege Organikorako Proposamena (*1) eztabaidatu zen Diputatuen Kongresuan eta oraintxe bertan Osasuna eta Gai Sozialen Batzordeari testu horri buruzko txostena enkargatu dio Mahaiak, bai ere maiatzaren 15a arteko emendakin-epea ireki, talde parlamentario nahiz diputatuentzat.

Lege honek antzeko izenburua zuen eta gai bera arautzen zuen 2010eko lege organiko bat aldatzen du, hain zuzen ere “Osasun sexuala eta erreproduktiboa zein haurdunaldiaren etete-asmoari buruzko 2/2010eko martxoaren 3ko Lege Organikoa”(*2), eta ekarriko duen aldaketa nagusia, eztabaida gehien eragin dituena, zera da: aurrerantzean ezingo dela orain arte aplikatu ahal zen 13.4 artikulua (2/2010 Lege Organikokoa) aplikatu, ez eta artikulu horrek aipatzen duen informazioa adingabekoarentzat ekidin ere –ulertu beharko da gaitasuna judizialki aldatua duten emakumeez ere diharduela– arrisku jakin bat dagoenean, hau da, mehatxuak, hertsapena, tratu txarrak eta abar gertatzeko aukera dagoenean, betiere familia barruan. Baina, aldi berean, gaitasuna judizialki aldatua daukaten emakumeei ere eragingo die, izan ere, aurreko legean ez zen kasuotaz hitz egiten.

Esaten denez, lege hau "aurpegia zuritzeko" baino ez da egin, alegia, Alberto Ruiz-Gallardón-ek bere momentuan egin zituen promesa batzuk bere osotasunean bete eta legean sartzeko ezintasuna dela-eta, ba nolabait abortatzeko eskubidearen kontra daudenak neurri batean gustura uzteko.


Zigor Kodea ere aldatu beharrean izango da, nahiz eta jadanik prestatua dagoen eta datorren uztailaren 1ean indarrean sartuko den aldaketan honi buruz ez den ezer esaten.

Gauzak horrela, ikusi beharko da zer-nolako aplikazioa izaten duen lege berriak (osasun arloko eragileak, juridikoak, polizia...), eta gainera ezin da ahaztu etorkizunean berriz aldatua izan daitekeela. Dena dela, Kode Zibilera egiten duen igorpenaren aurrean ere balegoke trikimailua, hala nola epaile batek hamasei urte dituen adingabeko bati “adin-nagusitasunaren onura” (321. art.) ematea, Nafarroako Zuzenbidean ohiturak duen lekua ez aipatzeagatik.

(*1) “Proposición de Ley Orgánica para reforzar la protección de las menores y mujeres con capacidad modificada judicialmente en la interrupción voluntaria del embarazo” edo “Gaitasuna judizialki aldatua daukaten adingabeko zein emakumeen haurdunaldi-eteteetan euren babesa indartzeko Lege Organikorako Proposamena”

(*2) edo “Ley Orgánica 2/2010, de 3 de marzo, de salud sexual y reproductiva y de la interrupción voluntaria del embarazo”

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.