2015-05-04

Hizkuntza Eskakizunak Barakaldoko barrutian

2015-05-04 Auzia Euskaraz!

Barakaldo izango da hurrengo barrutia Bulego Judizial Berria ezartzen eta dagoeneko prozesua martxa onean doa. Bulego Judizial Berria EAEko barruti gehienetan ezarrita dago dagoeneko; Bilbo, Donostia eta Barakaldo soilik falta ziren. Azken horren txanda da orain. 

Hizkuntza normalizazioari dagokionez, joan den apirilaren 20an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Barakaldoko barrutian hizkuntza dela-eta bereziturik dauden lanpostuak betetzeko berariazko lehiaketaren deialdia.

Egungo legeriak euskal herritarrei aitortzen die Administrazioarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako edozein erakunde edo entitaterekin harremanak hitzez eta/edo idatziz euskaraz zein gaztelaniaz izateko eskubidea, eta eskubide hori gauzatu ahal izatera dago bideratuta goian aipaturiko deialdia.

Oro har, barruti judizialetako langileen artean kudeatzaileei 3. Hizkuntza Eskakizuna (EH) eskatzen zaie eta izapidegileei 2 HEa. Barakaldoko barruti judizial osoan 37 langilek egiaztatu beharko dute HEen bat, zehazki, 25 langilek 2. HEa eta 12k 3. HEa. 191 langilek egiten dute lan guztira Barakaldoko barruti judizialean.

Organo motak aintzat hartuta, Zerbitzu Erkide Prozesal Orokorrean 10 langilek izan beharko dute egiaztatuta HEen bat, bederatzik 2 HEa eta batek 3 HEa. Zerbitzu Erkide Prozesal Betearazpenekoan ere 10 langilek izan beharko dute egiaztatuta HEen bat, seik 2 HEa eta lauk 3 HEa. Azkenik, Zuzeneko Laguntza Emateko Unitate Prozesalei dagokienez, 17 langilek izan beharko dute egiaztatuta HEen bat, hamarrek 2 HEa eta zazpik 3 HEa.

Hizkuntza Eskakizun horiek betearazteko data 2015eko urtarrilekoa da, beraz, lanpostu horiek hartzeko aukera izango dute dagoeneko HE horiek egiaztatuta dituzten langileek.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.