2015-06-23

Euskara emaileak Bergarako epaitegietan

2015-06-23 Auzia Euskaraz!

Hilaren 12an eta 19an Bergarako epaitegietan izan ginen bertako eragileen artean Eman zeure euskara! kanpainaren berri ematen. Kanpainaren bidez arlo juridikoan jarduten duten eragile guztien komunitatea sortu nahi dugu, euskara emaileen komunitatea, alegia.

Komunitatea sortzearen helburu nagusia da, beraz,  arlo juridikoko profesional euskaldunei komunitate baten parte direla sentiaraztea eta euskaraz lan egiteko tresnak zein elkar ezagutzeko guneak eskaintzea (formazioa, tresnak, kontsulta zerbitzua, jardunaldiak…). 

Epaitegiz epaitegi joan ginen informazioa zabaltzen eta abokatuen elkargoan ere izan ginen komunitatearen berri emanez. Izena eman zutenek beheko mahaigainekoa jaso zuten euren lanlekura gerturatzen direnei euskaraz egitera gonbidatzeko.

Zenbaki politak lortu ditugu Bergarako barrutian. 22 langilek eman dute izena, bai eta bi idazkari judizialek eta epaile batek ere. Abokatuei dagokienez, 9 dira dagoeneko komunitateko kide; prokuradore bat ere badugu zerrenda. Guztira 35 euskara emaile ditugu Bergarako barrutian, ez da zenbaki makala!

Bergarako epaitegiekin ekin diogu bideari, baina asmoa da autonomia erkidegoko barruti guztietara zabaltzea ekimena. Hartzaileak honako hauek izango dira: epaileak, idazkariak, fiskalak, abokatuak, prokuradoreak, funtzionarioak, auzitegietako medikuak, lantalde psikosozialeko langileak eta unibertsitateko eragileak. Baldintza izango da euskaraz jakitea.

Denon artean euskararen normalizazioan aurrera egingo dugu!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.