2015-07-07

Euskara emaileen komunitatea abian Gernikako epaitegian

2015-07-07 Auzia Euskaraz!

Ekainaren 18an izan ginen Gernikako epaitegian bertako eragileen artean Eman zeure euskara! kanpainaren informazioa zabaltzen. Kanpaina honekin arlo juridikoan diharduten eragile guztien komunitatea sortu nahi dugu.

Euskara emaileen komunitatea zertarako?
•    Arlo juridiko profesional euskaldunek elkarren berri izateko eta informazio partekatzeko
•    Euskaraz lan egiteko laguntza tresnak eskaintzeko (formazioa, tresnak, kontsulta zerbitzua, jardunaldiak…)

Epaitegiz epaitegi joan ginen informazioa zabaltzen eta abokatuen elkargoan ere izan ginen komunitatearen berri emanez. Izena eman zutenek euskara emaileen mahaigainekoa jaso zuten, euren lanlekura gerturatzen direnei euskaraz egitera gonbidatzeko.

Guztira 32 euskara emaile ditugu Gernikako barrutian. 19 langilek, idazkari judizial batek, 2 prokuradorek eta 10 abokatuk eman dute izena. 

Gernikako eta Bergarako epaitegian ekin diogu euskara emaileen kanpainari eta proba pilotu gisa euskara emaileekin bi saio egingo ditugu, epaitegietako euskararen egoera aztertu eta aurrera begira zer egin adosteko. Bergaran aurreko astean egin ziren lehenengo saioak, eta Gernikan atzo eta ostiralean egingo dira. Epaitegiz epaitegi ekimena zabaltzea da asmoa.

Eman zeure euskara!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.