2015-07-21

Hainbat datu 'Euskara, jarrerak eta iritziak' ikerketaren txostenetik

2015-07-21 Auzia Euskaraz! 

Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako 'Euskara, jarrerak eta iritziak' ikerketaren txostena aurkeztu zuten pasa den asteartean Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Iñaki Martínez de Luna kabineteko zuzendariak eta Xabier Erizek Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoen lanketa (EGOD) lantaldeko kideak.

Ikerketa hori egiteko, EAEko hiru lurraldeetako 2.160 pertsonari hogeina galdera egin dizkiote eta jasotako informazioarekin txostena osatu. Datu asko eta asko bildu dituzte; guk hona ekartzeko gutxi batzuk aukeratu ditugu.

Hasteko, zein hizkuntzarekin identifikatzen diren galdetu zaienean % 61ek gaztelaniarekin erantzun dute. Euskararekin % 24 identifikatzen dira; % 11, berriz, biekin. Azpimarratzeko modukoa da azken bi ehuneko horiek batuta ateratzen zaigun datua (% 35) EAEko elebidun tasaren azpitik dagoela nabarmen: % 62 2011n.



Hizkuntza arrazoiengatik diskriminaturik sentitu izan diren ere galdetu zaie eta gehiengoak, hain zuzen % 75ek, erantzun du ez dela diskriminatua sentitu izan. Galdera ez zaie modu berean planteatu elebidunei eta ez elebidunei: lehenengoei galdetu zaie euskara erabili nahi izateagatik diskriminaturik sentitu izan diren; ez elebidunei, ordea, ea euskaraz ez jakiteagatik diskriminaturik sentitu izan diren.

Horrekin lotuta, % 85ek garrantzi handia edo nahiko handia ematen diote euskaldunek nahi duten lekuetan euskara erabili ahal izateari. % 83ri garrantzitsua iruditzen zaio EAEko biztanle gehienek euskara ikastea; %51 guztiz ados dago baieztapen horrekin eta % 32 nahiko ados. Eta azkenik, gehiengoak uste du saltoki, enpresa eta administrazioan bezeroen nahia errespetatu beharko litzateke batean zein bestean artatuak izateko, izan ere, % 90 baieztapen horrekin guztiz ados edo nahiko ados daude.

Bestalde, hizkuntzei ematen zaien garrantziari dagokienez, euskara jakitea oso edo nahiko garrantzitsua dela uste dute % 93k, gaztelania jakitea % 95ek eta ingelesa jakitea % 96k. Alde horretatik, hiru hizkuntza horiek jakiteari ematen zaion garrantzia nahiko pareko dela esan dezakegu.

Hizkuntzen arteko garrantzia konparatzean, berriz, % 74k uste du euskara eta gaztelania jakiteak garrantzi bera dutela, eta % 72k garrantzi bera ematen dio euskara eta ingelesa jakiteari. Ingelesaren eta gaztelaniaren aurrean euskarari garrantzi handiagoa ematen diote % 14k. Beraz, gehien-gehienek uste badute ere euskara jakitea garrantzitsua dela (% 93), hizkuntzen arteko konparazioa egitean, euskara garrantzitsutzat jotzen duten horietako batzuen ustez, gaztelania edo ingelesa jakitea euskara jakitea baino garrantzitsuagoa da, % 12k eta % 14k uste dute hori hurrenez hurren.

Azkenik, administrazioak euskararen normalizaziorako erabiltzen duen diruari dagokionez, adostasun nahiko zabala dagoela esan daiteke: % 75 guztiz edo nahiko ados dago euskara sustatzeko diru publikoa gastatzea ezinbestekoa dela dioen baieztapenarekin –% 14 guztiz edo nahiko aurka agertu dira–. Esparru jakinetara etorrita, % 84k uste dute erakundeek lantokietan euskararen presentzia areagotzeko orain adina lan edo gehiago egin beharko luketela.

Txosten osoa gure blogeko dokumentazio atalean ikusi dezakezu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.