2015-09-18

Epai baten arabera erabat legezkoa da udal aktak euskaraz igortzea

2015-09-18 Auzia Euskaraz!

Udal akten auzia dela eta, beste epai baten berri izan dugu egunotan. Azken bi urteetan hainbat udalek salaketak jaso dituzte Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzaren partetik, udal aktak euskaraz bidaltzeagatik. Gobernu ordezkaritzak bere salaketetan bi egintza sartzen ditu: dokumentuak euskara hutsean daudelako ez dutela baliorik eta ez-hartutzat jotzen dituenez, legea ez betetzea egozten die udalei, aktak bidaltzera behartuta daudelako. Atzo argitara eman zena aktei buruzko laugarren epaia izan da, Amezketa eta Gaintzako udalena.

Gobernu ordezkaritzak Amezketa eta Gaintzako udalen aurka jarritako auzietan epailearentzat erabat legezkoa da udalek aktak euskaraz igortzea. Amezketa eta Gaintzako udalen auzibideko epaian jasotzen da euskara hizkuntza ofiziala izanik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, udalen aktak euskaraz egin eta hizkuntza horretan bidaltzea guztiz legezkoa dela. Epaileak Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epai bat ere aipatzen du: «Herri agintariek bi hizkuntza koofizialetatik edozein erabil dezakete lurralde esparru horretako beste erakunde publikoekiko harremanetan». Horri lotuta, ondorioztatzen da euskarak balio duela, agiriak lurralde horretarako baldin badira. Aktak hala direla uste du epaileak: «Ez dago itzuli beharrik, ez baitute eraginik EAEtik kanpo».

Hala ere, kontuan hartu behar da gai honetan aurkako epai bat ere badagoela. Iaz Bilboko epaitegi batek aurkako epaia eman zuen, Lekeitioko Udalaren auzibidean,  aktek EAEtik kanpo eragina eduki dezaketela argudiatuta. Interpretazio kontua dela esan daiteke, beraz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.