2015-10-21

Auzitegi Konstituzionalak konstituzioaren aurkakotzat jo du Erregistro Zibilaren dekretu bidezko pribatizazioa

2015-10-21 Auzia Euskaraz!


Rajoiren gobernuak jabetza- eta merkataritza-erregistratzaileen esku utzi nahi zuen zerbitzu publiko hori, baina ez ditu presako arrazoiak justifikatu
Pasa den uztailaren 14an Mariano Rajoiren gobernuak Erregistro Zibilaren lege-dekretu bidezko pribatizazioa onartu zuen. Talde sozialistak errekurtsoa aurkeztu zuen Diputatuen Kongresuan, eta Auzitegi Konstituzionalak sozialistei eman die arrazoia.
2014ko uztailean Gobernuak erabaki zuen jabetza- eta merkataritza-erregistratzaileen esku uztea erregistro zibilen kudeaketa. Erabaki hori, gainera, lege-dekretu bidez hartu zuten; modu horretan, erabakia ez zen Kongresutik pasa eta oposizioak ezin izan zuen eztabaidatu. Horrek letraduen eta funtzionarioen sindikatuen ezinegona areagotu zuen; elkarrizketa eza kritikatu zuten.
Ekainaren 4an 8/2014 Errege Lege Dekretua onartu zen. Dekretu hori “eraginkortasun, lehiakortasun eta hazkunderako presako neurrien” makropaketea zen, eta Erregistro Zibilaren pribatizazioa neurri horien artean zegoen. Auzitegi Konstituzionalak neurri horiek babesten ditu, bi kasutan izan ezik: Erregistro Zibilaren erreforma eta aldi baterako laneko enpresei buruzko erreforma bat.
Auzitegiaren epaiaren arabera, neurri jakin horiek Kongresuaren bidez izapidetu beharrekoak ziren, izan ere, Gobernua ez da gai izan “presako” arrazoiak justifikatzeko, eta hori egitea ezinbestekoa da horrelako neurriak lege-dekretu bidez onartzeko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.