2016-01-19

10.000 haur inguru inskribatu dituzte jada telematikoki ospitaleetatik

2016-01-19 Auzia Euskaraz! 



Jaiotza-inskripzioak egiteko ez dago Erregistro Zibilera joan beharrik, ospitaleetan bertan egiteko aukera dago. Pasa den urriaren 15ean sartu zen indarrean aldaketa hori Osakidetzako ospitale sarean, eta hiru hilabete eskasetan 10.000 haur inguru inskribatu dituzte telematikoki ospitaleetatik. Bide hori hautatzen duten gurasoek, seme-alabak erregistro zibiletara joanda inskribatzen dituztenek bezalaxe, aukera izango dute inskripzioaren hizkuntza aukeratzeko, eta, beraz, umea euskaraz inskribatzeko. 

Haurra jaiotzen denetik, 72 orduko epea dago jaiotza-inskripzioa ospitaletik egiteko. Erregistro Zibilera joateko, aldiz, hamar eguneko epea daukazu. 

Ospitaletik egiten bada inskripzioa, aitak, amak edo gertueneko senideak egin dezake, edo gainerakoan, beste norbaitek ere egin dezake, adinez nagusia bada eta jaiotzaren lekuan egon bada. Horiez gainera, ospitaleko, klinikako nahiz erakunde sanitarioko zuzendaritzak ere egin dezake inskripzioa, baita erditzean egon den sendagile edo sanitarioak ere, baldin eta erditzea erakunde sanitario batetik kanpo izan bada. Horretarako, kontuan izan behar da baldintza batzuk bete behar direla.

Informazio gehiago kontsultatu nahi izanez gero, sakatu hemen.

Iturria: Justiziako intranet 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.