2016-02-04

Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko hamalaugarren jardunaldia

2016-02-03 Auzia Euskaraz!
Pasa den ostegunean, urtarrilak 28, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko hamalaugarren jardunaldi praktikoa egin zuten Bizkaiko Abokatuen Bazkunean. Landutako gaia hauxe: Testamentuzko oinordetza eta oinordetza-itunak, 5/2015 Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko Legearen arabera –Hona hemen programa zehatza–.

Espainiako Gobernuak Konstituzio Auzitegian Legearen aurkako errekurtsorik ez jartzea erabaki eta hiru egunetara egin da jardunaldia. Zuzenbide Zibilari buruzko Legea Eusko Legebiltzarreko gehiengo handiaren botoekin onartu zen 2015eko ekainean. 

Lege berriak ekarriko dituen aldaketetako batzuk hauexek:

•    Ondasunak banatzerakoan askatasun handiagoa ematen du: ondarearen heren batera mugatu du senipartea; beste bi herenak askatasunez erabiltzeko aukera egongo da.
•    Lege berriarekin Gipuzkoan eta Araban ere ondasunak kudeatzeko pertsona zehatz bat izendatu ahalko da; Lehen Bizkaian soilik zegoen aukera hori.
•    Ezkontideetako bat hiltzean, besteari familiako etxebizitzan gelditzeko eskubidea aitortzen dio.
•    Ezkontideei aitortzen zaizkien eskubide eta betebeharrak ematen dizkie izatezko bikoteei.
•    Euskal auzotasun zibila aitortzen du; hiru lurraldeen arteko aldeak txikitzen dira horrela.
•    Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordea sortuko da.


Gorabeherak Zuzenbide Zibilari buruzko Legea dela-eta

Joan den astelehenean argitaratu zuten Estatuko Aldizkari Ofizialak eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak akordio hori, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 117. artikulua interpretatzeko egin duten akordioa.

Lakuarekin bost hilabeteko aldebiko negoziazioa izan ostean, Espainiako Gobernuak onartu du Euskadik duela arlo horretako eskumen esklusiboa, bai eta Legebiltzarrari dagokiola Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko Legearen eraginpeko lurralde-eremua erabakitzeko eskumena ere.

Akordioari jarraikiz, Euskadin hiltzen den pertsona batek ez badu ez testamenturik ez oinordeko legitimorik –abintestato-oinordetza–, Euskadiko Administrazio Orokorra izango da oinordeko. Ondasunak hiru zati berdinetan banatu eta hiru erakunderen artean partekatuko ditu: Euskadiko Administrazio Orokorra bera, hildakoaren azken egoitzari dagokion foru-aldundia eta udala.

Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritza kexu da bost hilabetez negoziatu behar izan dutelako bi aldeek Espainiako Gobernuak aitor zezan orain dela ia 30 urtetik lege organiko batean (hots, Gernikako Estatutuan) argi eta garbi jasota zegoen konpetentzia bat. 

Iturria: www.euskadi.eus / Administrazioa euskaraz (91. zenbakia)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.