2016-02-17

Zero paper epaitegietan: JustiziaSIP eta LEXNET

2016-02-17 Auzia Euskaraz!

Helburua argia da: papera desagerraraztea epaitegietatik. Baina nola lortu hori? EAEn erronka horri erantzuteko bi tresna ditugu edo izango ditugu:LexNET eta JustiziaSIP.

Lehenengoa martxan dago dagoeneko; bigarrena, berriz, ez dago erabat ezarrita.

2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, sistema telematikoak erabili beharko dituzte profesionalek eta bulego judizial zein fiskalek, idazkiak eta prozedurako komunikazio-egintzak gauzatzeko. Hori ezartzen da ProzeduraZibila aldatzen duen 42/2015 Legearen, urriaren 5ekoaren , lehen xedapen gehigarrian.



JUSTIZIASIP

JustiziaBATen integratzen da JustiziaSIP, eta epaitegi batzuetan erabiltzen ari dira dagoeneko. Sistema informatikoki prestatzeaz gainera, hura baliatuko dutenak formazioa jasotzen ari dira, tartean, epaitegietako langileak, abokatuak, prokuradoreak eta lan harremanetarako graduatuak.

Poliki-poliki EAEko epaitegi guztietan martxan jartzea da asmoa.

Une honetan, eta behin-behinean, bi aldiz egiten dute langileek izapidea: paperean eta telematikoki. Izan ere, ezin baita % 100 ziurtatu telematikoki ondo egiten dela. Aldaketa fase honetan, agertzen diren arazoak konpontzen ari dira, eta horiek gainditzean, izapidea telematikoki soilik egitera pasako dira.

Jarraipen Batzorde bat arduratzen da gai honetaz. Batzorde horretan, abokatu eta prokuradoreen ordezkariak daude, bai eta informatikariak eta Justizia Administrazioko ordezkariak ere.

JustiziaSIPi buruzko informazio gehiago 2015eko abenduan argitaratu genuen albiste honetan.

LEXNET

Profesionalen eta Justizia Administrazioaren arteko harremanetan komunikazio elektronikoa erabiltzea derrigortasuna indarrean sartu eta hilabetera, jarduneko Justiziako ministroak, Rafael Catalák balorazio ona egin du.

Bere arabera, akatsak egon badira ere, horiek oso gutxi izan dira, gauzatutako komunikazio kopuru osoarekin alderatzen baditugu. Hona hemen aurreko astean eman zuen prentsaurrekoan entzun ahal izan genituen datu batzuk:

Lexnet-ekin batez beste 19 egun behar dira komunikazio egintzetarako eta idazkiak aurkezteko; paper bidezko izapidetzean 60 behar izaten ziren.

Komunikazio elektronikoak erabiltzearen bidez, idazkiak zein dokumentuak aurkezteko, orain 2015ean baino 17 ordu gehiago balia ditzakegu egunean eta 141 egun gehiago urtean.

Urtarrilean, 4.739.339 komunikazio elektroniko gauzatu dira Lexnet-en bidez eta autonomia erkidego batzuek garatutako sistema propioen bidez (Katalunia, Kantabria, Nafarroa eta EAE).

Lexnet-ekin soilik 4.069.747 jakinarazpen elektroniko egin dira, 2015eko epe berean baino % 13 gehiago.

Lexnet-en bidez aurkezten den idazki bakoitzeko 75 € aurrezten dira. Urtarrilean aurkeztutako 381.489 izapide idatzien ondorioz, 28,61 milioi € aurreztu direla zenbatesten da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.