2016-03-10

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak martxan jarri du epaileen eta organo judizialen lehen direktorio publikoa

2016-03-10 Auzia Euskaraz!
 
Martxoaren 2tik martxan dago epaileen eta organo judizialen lehen direktorioa www.poderjudicial.es web orrian. Gune horretatik herritarrek beraien espedienteak izapidetzen dituzten epaile edo magistratuaren izenak kontsultatzeko aukera daukate, baita epaitegietako helbide eta telefonoak ikustekoa ere.


Epaileen Gobernu Batzordeak gardentasunaren gainean hartutako konpromisoei erantzutera dator egitasmoa, eta ildo beretik, aipatu behar da martxan jartzen ari direla justizia auzitegi nagusien gardentasunaren atariak: aurreikusitako hamasei atarietatik hamar aktibo daude. Atari horietan, banaketa arauen edukiak eta gobernu salek hartutako akordioak eta  landutako gai ordenak egiten dira publiko.

 Honako hau da direktorioaren helbide elektronikoa:

www.poderjudicial.es/cgpj/es/Servicios/Directorio/Directorio-de-Organos-Judiciales/

EAEn zer?

Azpimarratu behar da, gure erkidegoan, epaiBitik sustatzen ari garen Euskara Emaileen Komunitatearen erregistroa ere badugula, arlo prozesalean euskararen erabileran aurrerapausoak emateko helburuarekin sortua. Komunitatean  inskribatutako epaile,  magistratu,  justizia administrazioaren letradu, fiskal, abokatu, prokuradore, epaitegietako langile… zerrenda osoa (oraingoz 450 pertsonatik gora)  laster kontsultagai izango da. Eragile juridiko euskaldunen lehengo erregistro publikoa izango da eta egitasmo honen helburua da justizian diharduten euskaldunak zein diren ezagutaraztea.




Zer informazio emango du?

BJKNk martxan jarritako webgunera itzuliz, probintzia eta organo judizialen arabera egin ahalko du bilaketa erabiltzeak, eta honako informazio hau ikus dezake: epaitegiaren izena, telefono zenbakia, fax zenbakia, helbidea, posta-kodea eta kargu horretan dagoen epaile edo magistratuaren izena. Gaur egun 5.502 epaile daude jardunean estatu osoan.

Informazio hori guztia orain arte ere publikoa izan da, Estatuko Buletin Ofizialean argitaratzen baitira epaile eta magistratuen izendapenak; baina atari berriari esker, dena zentralizatuta egongo da, edozeinek informazioa erraz aurkitzeko moduan.

 
Iturria: www.aranzadi.es
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.