2016-05-05

“Errentamendu txar bat: zure negozioaren hondamena” (Iratxe Osinaga Garate)

2016-05-05 Auzia Euskaraz!



Iratxe Osinaga Garate abokatu bilbotarrak Auzia Euskaraz blogerako errentamendu-kontratuari buruz idatzi duen kolaborazioa.

Artikulu hau negozio bat sortzen ari diren edo negozio bat sortzeko asmoa duten pertsonei zuzenduta dago bereziki. Eta zehazki, negozioa martxan jartzeko lokal bat errentan hartu behar duten ekintzaileei.

Lokal bat errentan hartu baino lehen, zer da jakin behar duguna? Lehenengo eta behin, lege aplikagarria. Lokalen errentamendua arautzen duen legea, Azaroaren 24ko 29/1994 Legea, Hiri- errentamenduena da (Martxoaren 30eko 2/2015 Legeak aldatua, Espainiako ekonomiaren desindexazioarena).

Hiri-errentamenduen legeak, 4.3 artikuluan, etxebizitza-erabileraz besteko errentamenduei buruz hauxe esaten du: “etxebizitza-erabileraz besteko errentamenduetan, alderdien borondatea, eta, halakorik izan ezean, lege honen III. tituluan xedatutakoa aplikatuko dira, eta, ordezko moduan, Kode Zibilean xedatutakoa”.

Horrek, etxebizitza-erabileraz besteko errentamenduetan, lehenengo eta behin alderdien itunak aplikatzen direla esan nahi du; alderdiek ez badute itunik egin, orduan legearen xedapenek arautuko dute kontratua, eta ordezko moduan Kode Zibilak. 



Arau honen arabera, printzipioz, alderdien itunek alderdien betebeharrak ezarriko dituzte borondate autonomiarekin bat eginez (K.Z.1.255 art.). Beraz, errentariak, beharrezko konponketa guztiak egiteko konpromisoa hartzen badu, errentariaren betebeharra izango da, horrela itundu dutelako alderdiek, eta nahiz eta Hiri-errentamenduen legeak 21. artikuluan (30. artikuluari jarraikiz) konponketa horiek errentatzailearen betebehar bat dela esan, aurreko paragrafoan esan dugun bezala, etxebizitza-erabileraz besteko errentamenduetan lehenengo eta behin alderdien borondatea aplikatuko da eta ondorioz, beharrezko konponketak egiteko betebeharra errentariak bete beharko lukeen betebeharra da.

Alderdiek ezarritako itunen nahitaezkotasuna Kode Zibilaren 1258. eta 1091. artikuluen ondorio bat da: lehenengoaren arabera “Kontratuak burutzen dira adostasun hutsaren bitartez, eta, harrezkero, bete beharrekoak dira, bai beren-beregi itundutakoa betetzeari begira, baita, kontratuaren izaeraren arabera, onuste, usadio eta legearekin bat datozen ondorio guztiei begira ere”, eta bigarrenaren arabera “Kontratuetatik sortzen diren betebeharrek lege-indarra dute alderdi kontratugileen artean, eta betebeharrok kontratu horien arabera bete behar dira”.

Horregatik arreta handia jarri beharko dute kontratu bat sinatzeko asmoa dutenek,  batez ere alderdientzako betebeharrak ezartzen dituzten klausuletan, aurreko lerroetan azaldu dugun moduan, alderdien akordioek lege-indarra dute, eta errentamendu kontratuan akordio txar batek zure negozioaren hondamena ekarri ahal du.

Iratxe Osinaga Garate
@i_osinaga


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.