2016-05-03

Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen proiektua Gobernu Kontseiluak onartuta

2016-05-03 Auzia Euskaraz!




Apirilaren 26an onartu zuen Gobernu Kontseiluak Euskal Herriko Poliziari buruzko Legea bosgarren aldiz aldatzeko proiektua. Segurtasun  Saila bultzatzen ari den polizia-eredua indartzea du xede, herritarrei zerbitzu hobea emateko eta polizia-zerbitzua gizarte ireki, plural eta elebidunarekin uztartzeko.

Euskal Herriko Poliziari buruzko Legea aldatzeko proiektuak hiru ardatz nagusi ditu, batetik, polizia-eredu berria indartzea, bestetik, polizia kidegoetan neurriak sustatzea berdintasuna eta emakumeen presentzia bultzatzeko, eta, azkenik, Ertzaintzako lan-karrera hobetzea.

Polizia-eredua indartzeko neurrien artean, honako hauek daude: Poliziaren Etikari buruzko Europako Kodea integratzea, polizia-jardunbide egokia bultzatzeko pizgarri positiboen sistema indartzea, gaur egungo diziplina-sistema aldatzea eta Euskal Herriko Poliziaren Jardunbide Egokien Batzordea sortzea. Batzorde horren egitekoak izango lirateke aztertzea Ertzaintzaren edo udaltzaingoen jokabideak eta praktikak, organo eskudunek hala eskatuta, herritarrek horien inguruko kexak badituzte edo herritarrek poliziarekiko duten konfiantzan eragina badute. Gainera, zehazten da esku-hartze polizial baten testuinguruan norbait hiltzen bada edo larriki lesionatzen bada, gorabehera horiek ofizioz ikertuko direla.

Legearen proiektuak hobetzen ditu, halaber, euskal poliziako kideak aukeratzeko prozesuarekin eta kidegoetara sartzekoarekin lotutako alderdi batzuk.

Hobekuntzen bigarren arloa lantzeko helburua izan da gaur egun Ertzaintzan emakumeek duten presentzia handitzea, eta, zehazki, diskriminazio edo ekintza positiboko zenbait neurri abiaraztean datza emakumeak Ertzaintzan sartzeko eta lan-mailaz igotzeko.

Eta, azkenik, erreformen hirugarren ardatzaren barruan, Ertzaintzako lan-karrera horizontalaren arauketa sartzen da. Horrek esan nahi du ezarriko dela ezagutza-mekanismo bat kategoria bakoitzean aurreikusitako lan-garapen mailetara igarotzeko, finkatutako urteetan eta eskatutako lan-gaitasunak egiaztatuta.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.