2016-05-17

Ezintasun iraunkor absolutuaren arrazoi izan daiteke fibromialgia

2016-05-17 Auzia Euskaraz!

Joan den astean, maiatzaren 12an, ospatu dute Fibromialgiaren Nazioarteko Eguna. Gaixotasun kronikoa da Fibromialgia, eta ezaugarri nagusi du min muskuloeskeletiko orokorra sentitzea eta muturreko hipersentsibilitatea izatea gorputzeko gune zehatz batzuetan alterazio organiko frogagarririk izan gabe. Sintoma anitzekin egon ohi da lotuta: neke etengabea, loaren alterazioak, gogortasun orokorra eta sintoma antsioso-depresiboak.

Jurisprudentzia berrienean, batik bat Katalunian, hasi dira aintzat hartzen lanerako ezintasuna deklaratzeko arrazoi gisa gaixotasun hori. 
  • Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko epaia, 2014ko ekainaren 23koa> edozein lan egiteko ezintasun iraunkor absolutua aitortzen dio langile bati honako hauek izateagatik: fibromialgia, neke kronikoaren sindromea, zerbikaletako artrosia, protusio diskalak, asma bronkiala eta deporesio nahasmendu larria.
  • Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko epaia, 2015eko otsailaren 24koa (6239/2014 errekurtsoa)> Ezintasun iraunkor absolutua aitortu zion gizarte laguntzaile bati fibromialgia eta neke kronikoaren sindromea izateagatik. Epai horrek lan arloko epaitegiarena berretsi zuen eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren errekurtsoa ezetsi.
Badira Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiko beste bi adibide ere: 2015eko ekainaren 5ekoa bata eta urte horretako azaroaren 3koa bestea (3764/2015 errekurtsoa).

EAEn ere badauzkagu adibideak, esaterako: 2008an lanerako ezintasun iraunkorra aitortu zion Epaitegi Goreneko lan-arloko salak 2003. urtetik fibromialgiak jota zegoen emakume arabar bati. Epaiak, gainera, 2005eko abendutik aurrera zegozkion hobekuntza eta gehikuntzak ere onartzen zizkion. 

Adibide zaharragoak ere badaude: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan arloko salak 2001ean bi langileri onartu zien ezintasun iraunkor absolutua, beste hainbat gaitzen artean fibromialgia ere bazuelako.

Fibromialgiari buruz…

Gaitzaren diagnostikoa egitea ez da batere erraza. Sarritan beste koadro kliniko batzuekin nahasten da; depresioarekin edo estresarekin, esaterako. Mediku askok uste izan dute somatizazio nahasmendua dela fibromialgia, eta gaixoak hartzen zituzten jatorri fisiko identifikagarri gabeko sintomez etengabe kexu ziren pertsonatzat; dena den, azken urteetan, ikerketen emaitzak ikusita, egoera aldatzen ari da, eta egun gaixotasun gisa sailkatzen dute. Osasunaren Mundu Erakundeak 1992an sartu zuen gaixotasunen zerrendan.
Fibromialgia koadro kronikoa da, batez ere 50 urtetik gorako emakumeei erasaten diena. Biztanleriaren %3 gaitz horrek jota egon daitekeela estimatzen da, beraz 40.000 pertsona inguru Euskal Autonomia Erkidegoan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.