2016-05-24

TTIP, CETA... Zer berri Atlantiko gainean?

2016-05-24 Auzia Euskaraz!


Simon L√≥pez zuzenbide ikasleak Auzia Euskaraz blogerako TTIP delakoaren gainean idatzi duen kolaborazioa. Bere bloga: http://gibeljale.wordpress.com


Aspalditik datorren haria

Europar Batasunak (EB) eta Kanadako gobernuak adostu dute laster sinatu eta ratifikatu nahiko luketen CETA(1) tratatuan zernolako itxura hartuko duen desadostasunak ebazteko mekanismoak. Orain arte ISDS(2) deritzon arbitraje sistema nagusi izan baldin bada, honakoan, EBk Vietnamekin adostu zuen tratatuari jarraiki, epaile profesional eta egonkorrez osatutako nazioarteko auzitegi baten alde jo da. Munduko Merkataritza Erakundean indarrean dagoen desadostasunak ebazteko mekanismotik asko edaten duen sistema berriak ICS(3) du bataio izena. 

Edonola ere, oraindik ratifikazio bide luzea duen CETAk ekarri ditzakeen berritasunetatik haratago, tratatu horrek eta EBk Estatu Batuekin negoziatzen diharduen TTIP(4) delakoak ondorio sakon eta iraunkorrak izan ditzakete Atlantikoaren alde bateko nahiz besteko zuzenbideetan. 

Zuzenbide transatlantiko baterantz?

Izan ere, bi tratatu horiek zerbaitegatik harrotu dituzte bi itsasertzetako hauts politikoak. Beren sustatzaileen asmoak arrakasta izango balute, TTIPk nahiz CETAk oraindik ezezaguna zaigun heineraino harmonizatuko lituzkete AEBetako eta EBko sistema juridikoak.

Hasteko, arauen gaineko kooperazioa deritzon tresnak, organu komun baten forma hartuko lukeen dispositibo baten bitartez, legegile europar eta estatubatuarren jarduna modu iraunkorrean baldintzatuko luke, merkataritza fluxu transatlantikoengan eragina duen edozein araudik, onartua izan aurretik, organu horren iritzia jaso beharko bailuke. Bestetik, CETA jada adostu denaren eta TTIPk gutxi gorabehera erreproduzituko lukeenaren ildotik, Europan ugariak diren jatorrizko izendapenetako asko desagertzera kondenatuta leudeke, Atlantikoaz bestalde nagusi diren araudi arinagoekin bat egiteko(5). Kontratu publikoei dagokienez, Europako Batzordeak liberalizazio maila altuagoak lortu nahiko lituzke, Atlantikoaren alde bateko lizitazioak beste aldeko enpresentzat eskuragarriago gerta daitezen, baina oraindik ikusteke dago AEBk negoziazioetan asmo horri amore emango dioten.

Azkenik, nazioarteko tratatu horiek indarrean sartuko balira, ICS edo ISDS mekanismoak izango lirateke beren eraginkortasuna ziurtatzearen arduradunak. Hala, edozein arau europar edo estatubatuarrek tratatuetako xedapenak urratuko balitu, tratatua sinatu duten beste alderdien lurraldean kokatutako inbertsoreek araudi horiek auzitan jarri ahalko lituzkete, eta organu horiek arauen aldaketa de facto agintzeko boterea izango lukete. Egoera hori iritsiko balitz, espero izatekoa da, EBk Europan ekarri duenaren ildotik, Atlantikoaren bi aldeetako zuzenbideen integrazioa geldiune askorik gabeko ibilbidean abiatzea. 

Aldekoen eta kontrakoen artean, tratatuak oreka bila

Nolanahi ere, CETA Europako nahiz EBko Estatu guztietako parlamentuek ratifikatu behar dutenez eta TTIPren negoziazioan amaierako akordioa oraindik ez denez hautematen, ezin da ziurtasun osoz iragarri bi tratatu horiek indarrean sartuz gero Europako zuzenbideek ikusiko lituzketen aldaketen norainokoa. Aldekoek eta kontrakoek beren ustezko efektu onuragarri nahiz kaltegarriak aletzen dituzten bitartean –hurrenez hurren, merkataritza trukeen gorakada eta politika publikoen gehiegizko baldintzapena–, tratatuek jasoko dituzten berritasunek zailagoa bihurtzen dute beren ondorio juridiko konkretuak iragartzea.

Hala, esate baterako, CETAren bertsio –ustez– behin-betikoak bere 8.9 artikuluan(6) jasotzen duen Estatuen arautzeko eskubide indartuak akaso zailagoa bihurtuko du nazioarteko inbertsoreek Estatuetako araudiak auzitan jartzea, azken hauek osasun publikoa, ingurunea edo eskubide sozialak baldin badituzte helburu(7).


(1) Comprehensive Economic and Trade Agreement (Merkataritza eta ekonomia akordio orokorra).

(2) Investor State Dispute Settlement (Inbertsore eta Estatu arteko desadostasunen ebazpena).

(3) International Court System (Nazioarteko auzitegi sistema).

(4) Transatlantic Trade and Investment Partnership (Merkataritzari eta inbertsioari buruzko akordio transatlantikoa).

(5) Greece to block TTIP unless geographical indications are protected, EurActiv.com, http://www.euractiv.com/section/trade-society/news/greece-to-block-ttip-unless-geographical-indications-are-protected/.

(6) CETAren egungo proiektua, Europako Batzordearen webgunean: http://trade.ec.europa.eu/doclib/docs/2016/february/tradoc_154329.pdf

(7) The Right to Regulate Provision in EU Investment Chapters, Simon Lester, http://worldtradelaw.typepad.com/ielpblog/2016/03/the-right-to-regulate-provision-in-the-ceta-investment-chapter.html


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.