2016-06-09

Euskadiko Fundazioen Lege berria eta zerbitzu juridikoak berrantolatzekoa

2016-06-09 Auzia Euskaraz!


Eusko Jaurlaritzak bi lege onartu zituen joan den ostegunean (ekainak 2): bata, Euskadiko administrazio orokorreko zerbitzu juridikoak berrantolatzekoa, eta, bestea, Fundazioen Lege berria.

Euskadiko administrazio orokorreko zerbitzu juridikoak berrantolatzekoa

Duela ia 30 urte sortutako araudia eguneratzera dator Legea. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Erakunde Administrazioko zerbitzu juridikoa arautu eta berrantolatzea du helburu; horrenbestez, bi arlo hauetan izango du eragina: 

Zerbitzu Juridiko Zentrala: Administrazioko zerbitzu juridiko guztien artean kualifikatuena da, eta Herri Administrazio eta Justizia Sailaren mendekoa da. 32 letradu daude bertan.

Aholkularitza juridikoak (Eusko Jaurlaritzako sailenak edo sektore publikoko beste edozein organismo, erakunde edo enpresarenak): egun, 210 aholkulari juridikok jarduten dute horietan, eta arduratzen dira zuzenbide arloko aholkularitza emateaz; nahitaezko txosten juridikoak, irizpenak zein ebazpen proposamenak egiteaz; hitzarmena idazteaz…

Legeak ekarriko dituen berritasunetako batzuk hemen:

Funtzionarioen taldean “Letradu espezialitatea” sortuko da. Langile horiek gaituta daude defendatzeko euskal Administrazio Publikoa judizioan auzialdi guztietan.
Lege horrekin euskal erakunde publiko guztiek edo izaera partaidetua dutenek aukera izango dute Zerbitzu Juridiko Zentralarekin lankidetza hitzarmenak egiteko, azken horrek zerbitzua eman diezaien.
Koordinazio Juridikoko Batzordea sortzea aurreikusten du lege horrek. Organo berria izango da, kide anitzekoa eta espezializatua, eta bertan ordezkatuta egongo dira Zerbitzu Juridiko zentraleko letraduak, bai eta sail zein erakundeetako aholkularitza juridikoetako letradu eta aholkulariak ere.

Fundazioen Lege berria

Euskadiko fundazioen sektoreari esparru juridiko eta operatiboa eskainiko dio Legeak; 20 urtetik gora onartutako legedia gaurkotu da lege berriaren bidez.

650 fundazio inguru daude Euskadin; gehienak irakaskuntzakoak eta ikerkuntzakoak dira. Horien ondare garbia 1.300 milioi eurotik gorakoa da eta langile kopurua 13.000 baino handiagoa.

Hona hemen Fundazioen Legeak dakartzan berritasunetako batzuk:

Aurrerantzean, Jaurlaritzak 300 eta 30.000 euro arteko isunak ezarri ahal izango dizkie fundazioei, baldin eta ez badituzte betetzen honako betebeharrak: inskripzioa, urteko kontuen aurkezpena, osaeran izandako aldaketen jakinarazpena, estatutuetan ezarritakoez bestelako helburuetara bideratzea dirua, ondarea modu bidegabean kudeatzea, esku-hartze judiziala behar den egintza bat gauzatzea, etab.

Urteko ikuskapena: Gobernuak fundazioen ikuskapen-plana egingo du urtero egiaztatzeko betebeharrak bete dituzten. Administrazioak egiaztapen-espediente bat egin ahal izango du, baldin eta fundazio baten funtzionamenduan irregulartasun larriak aurreikusten badira.

Fundazio publikoek edo sektore publikoaren partaidetza duten fundazioek Administrazio Publikoak jarritako funtsak itzuli beharko dituzte likatzen direnean.

Iturria: euskadi.eus

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.