2016-06-21

Merkataritza-sekretuei buruzko zuzentarau europarraren berritasunak

2016-06-21 Auzia Euskaraz!



2016/943 Zuzentarauaren helburua da barne-merkatuaren funtzionamendu arina bermatzea, eta, horretarako, neurri erkideak ezartzen ditu sekretu komertzialak eskuratu, erabili eta zabaltzearen aurka. 

Horrez gainera, disuasio-tresna izateko helburua du, merkataritza-sekretuak legez kanpo zabaltzearen aurka, baina kalterik egin gabe oinarrizko eskubide eta askatasunei zein interes publikoari, hala nola segurtasun publikoari, kontsumitzaileen babesari, osasun publikoari, ingurumenaren babesari eta langileen mugikortasunari.

Egilea: Alex Wellerstein


Lehen eta orain


Orain arte, prebentzioz babesten zituzten enpresek merkataritza-sekretuak, konfidentzialtasun klausula edo akordio bidez. Munduko Merkataritza Antolakundearen TRIPS akordioan ezartzen zen zer hartzen den merkataritza-sekretutzat, merkataritzarekin lotutako jabetza intelektualaren eskubideei buruzko alderdien gaineko akordioko 39. artikuluan, alegia.

Zuzentarau berriarekin, EBko estatuek neurri, prozedura zein errekurtso bideak xedatu beharko dituzte, bermatu ahal izateko arlo zibileko medeatze edo erreparazioak izango direla merkataritza-sekretuak legez kanpo eskuratu, erabili eta zabaltzearen aurka. Gutxienez sei urtekoa izango da erreklamazioak preskribatzeko epea.

Salbuespen batzuk 


Neurri berriek erabat bermatzen dute ikerketa-kazetaritzaren jarduna, muga berririk ezarri gabe, baita kazetaritza iturrien babesari dagokionez ere.

Langileen mugikortasuna: Langileek ez dute inolako mugarik izango haien lanean modu zintzoan eskuratutako esperientzia eta gaitasuna erabiltzeko. Horrez gainera, baldintza berriak aplikatzearekin ez dira ukituko ez sindikatuen autonomia eta hitzarmen kolektiboak adosteko duten eskubidea.

Salatzaileak: behar bezalako babesa izango dute interes publiko orokorra babesteko helburuz eta fede onez merkataritza-sekretuak ezagutzera ematen dituzten pertsonek. Merkataritza-sekretuen babesa ez da aplikatuko alderdi demandatzaileak interes publiko orokorra babesteko asmoz jokatu duenean eta haren xedea izan denean ezagutzera ematea falta bat, egintza zentsuragarri bat edo legearen aurkako jarduera bat. 

Iturria: informativojuridico.com

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.