2016-07-12

Uztailak 12, Doako Justizia eta Ofiziozko Txandaren eguna

2016-07-12 Auzia Euskaraz!


Gaur, uztailak 12, Doako Justizia eta Ofiziozko Txandaren eguna ospatzen da.  Egun horrekin babestu eta ezagutzera eman nahi da ofiziozko 43.800 abokatuk baino gehiagok urtean 365 egunez eta egunean 24 orduz egiten duten lana. Zeregin hori Doako Justizia Zerbitzua eta Ofiziozko txandan diharduten abokatuek egiten dute.

Abokatuen elkargoetan ekitaldi bereziak egingo dituzte eguna ospatzeko.

Espainiako Konstituzioak Doako Justiziarako eskubidea aitortzen die baliabiderik gabeko herritarrei. Horren bidez, aukera bermatzen da abokatu bat eta prokuradore bat doan eta epaiketen ondoriozko gastuak (adituen txostenak, fidantzak, etab.) ordainduta izateko.

2015eko datu batzuk (estatu mailakoak):

Doako Justiziako zerbitzuan egindako inbertsioa mantendu egin zen aurreko
        urteekiko.
Doako Justizian 905.000 espediente izapidetu ziren, horietako 621.000 bide                           telematikotik.
Ofiziozko abokatuen batez besteko ordainsaria espedienteko 130 eurokoa da
Zerbitzu horren kostua herritar bakoitzeko 4,87 eurokoa da.
Ofiziozko txandan izena emanda dauden 43.800 abokatuetatik, % 47 emakumezkoak           dira.


Informazio gehiago kontsultatu dezakezu Doako Justiziako Behatokiaren X. txostenean.

Baina nork dauka Doako Justizia jasotzeko eskubidea?


Orokorrean, Espainiako herritar orok, baita Europar Batasuneko kide diren estatuetako herritarrek eta Espainian egoitza duten atzerritarrek ere, baldin eta auzitan jarduteko baliabiderik ez dutela egiaztatzen badute. Dena den, beste kasu batzuetan ere zerbitzu hori eskaintzen da:

Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileek eta zerbitzu komunek ere eska dezakete doako zerbitzua; baita dagokien administrazio-erregistroan inskribatutako Elkarte eta Fundazioen Eskubideak Arautzen dituen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 32. artikuluan aurreikusitako onura publikoko elkarteek ere. 
Lan-arloko jurisdikzioan, epaiketako defentsarako, Gizarte Segurantzaren sistemako langileek eta onuradunek, baliabiderik ez dutela egiaztatu beharrik gabe.
Zigor-arloko jurisdikzioan, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan eta aurretiko administrazio-bidean, auzitan jarduteko baliabiderik ez dutela egiaztatzen duten atzerritarrek, baita Espainian legezko egoitza ez badute ere.
Auzitan jarduteko baliabideak egon ala ez, Doako Justiziarako eskubidea aitortzen zaie genero-indarkeriaren, terrorismoaren eta gizakien salerosketaren biktimei, eta baita adingabeei zein adimen-desgaitasuna duten pertsonei ere gehiegikerien edo tratu txarren biktima direnean. Halaber, kausadunek ere eskubidea dute biktima hiltzen denean, baldin eta erasotzaileak ez direnean.
Halaber, auzitan jarduteko baliabideak egon ala ez, doako justiziarako eskubidea aitortzen zaie istripu baten ondorioz ohiko lan-okupazioa edo lanbidea gauzatzea galarazten dien arrasto iraunkorrak dituztela egiaztatu eta beste pertsona batzuen premia dutenei, auziaren xedea jasandako kalteen ordainaren erreklamazioa denean.


Doako Justizia jasotzeko eskaera on line egin daiteke www.justiciagratuita.es helbidean edo zerbitzu horren bulegoetan.

Doako Justiziari buruzko informazio gehiago behar duzu? 


Argibide guztiak justizia.net-en Orientazio Juridikoko Zerbitzuaren atalean ikus ditzakezu, bai eta Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiaren www.justiciagratuita.es webgunean ere; bertan hainbat kontsulta egiteko aukera eskaintzen da, eta, gainera, webgunea euskaraz kontsultatzeko aukera dago: http://www.justiciagratuita.es/publico/eu/.

Gai honekin lotutako albiste gehiago:

http://www.abogacia.es/2016/07/04/la-inversion-en-justicia-gratuita-se-mantiene-estable-en-2015-con-una-leve-reduccion-del-03/
http://www.abogacia.es/2016/07/04/el-dia-de-la-justicia-gratuita-y-del-turno-de-oficio-en-55-millones-de-cupones-de-la-once/
Doako Justiziaren aldeko Eguna Gipuzkoan Uztailaren 12an

Iturriak:
www.abogacia.es / www.icagi.net / www.justizia.net

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.