2016-10-06

Onartuta Euskal Zuzenbide Zibilaren garapena sustatuko duen Batzorde berriaren osaketa, eginkizunak eta funtzionamendua

2016-10-06 Auzia Euskaraz!




Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak urriaren 4an onartu zuen Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearen osaketa, funtzionamendua eta eginkizunak arautuko dituzten estatutuen dekretua. Iazko ekainaren 25ean Legebiltzarrak aho batez onartutako Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko 5/2015 Legearen Lehen Xedapen Gehigarriak sortzen du kide anitzeko kontsulta-organo hori.

Batzorde honen eginkizunak dira  euskal zuzenbide zibilaren garapena bultzatzea, ebaluatzea, ikertzea eta aholkularitza-lana egitea Legebiltzarrarentzat nahiz Eusko Jaurlaritzarentzat, baita, lege-erreformen beharrari buruzko informazioa ematea, proposamenak, aldaketak eta berrikuntzak egitea eta eztabaida profesionala bultzatzea ere. 

Batzordearen beste eginkizunetako bat euskararen erabilera sustatzea izango da, euskal zuzenbide zibilaren adierazpen-hizkuntza moduan.  Terminologia juridikoa aztertzen, sustatzen eta hedatzen lagunduko du, lankidetzan Euskaltzaindiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin (IVAP) eta euskara juridikoaren erabileran adituak diren eragile sozialekin.

Batzordearen eginkizunak, estatutuetan definiturikoak, hauek dira zehazki:
  • Zuzenbide zibilaren arloan aholkularitza eskaintzea Jaurlaritzari nahiz Legebiltzarrari. 
  • Indarrean dagoen Zuzenbidea aztertu eta ikertzea, eta, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten lurralde historikoetako zuzenbide zibila, forala eta berezia, idatzia eta ohiturazkoa. 
  • Estatuko eta Europako arau-esparrua zaindu eta ebaluatzea. Estatuko edo Europako araubidearen ondorioz izan litezkeen aldaketen eta ondorioen aurrean alerta goiztiar moduan funtzionatuko du. 
  • Zuzentasun teknikoa, hizkuntza juridiko argia, estiloak bateratzea, hizkuntza inklusiboarekiko begirunea, eta abar, sustatzea.
  • Arauak egitean erregulazio egokiaren, jardunbide egokien eta gobernantza egokiaren printzipioak bermatzea.
Euskal Zuzenbide zibilaren eremuan diharduten hogeita hamarren bat adituk hartuko dute parte; besteak beste, instantzia profesionaletako, erakundeetako eta akademikoen ordezkariek.

 Iturria: www.euskadi.eus

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.