2016-11-22

Zuzenbide arloko hiru hiztegi berri

2016-11-22 Auzia Euskaraz!


Zortzi hiztegi terminologiko berri aurkeztu zituzten atzo Donostian. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordearen hitzetan, euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko balioko dute. Zortzi horietatik hiru Zuzenbidearen arlokoak dira: 

  • Zigor-arloa eta espetxe-zaintza
  • Erregistro Zibila
  • Prozedura Zibila

Hiztegiak aurkezten, berauek erabiliko dituzten arloetako ordezkari adituak ere izan dira, hala nola Imanol Agote, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendaria; Blanka Gomez de Segura, Euskal Buztingintza Museoko arduraduna; Olatz Ajuria, EVE Energiaren Euskal Erakundeko teknikaria; Xabier Balerdi, Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko ordezkaria eta “Auzia euskaraz” proiektuko arduraduna; Kepa Altube, Laneki Elkarteko kudeatzailea eta Lanbide Heziketako materialak euskaraz prestatu eta Interneten jartzen dituena; eta Araceli Díaz de Lezana, Hizkuntza Plangintzarako arduraduna Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan.


Euskarazko zortzi hiztegi terminologiko berriak definiziozko hiztegiak dira, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko baliokidez osatuak. Zuzenbideari lotutako hiru hiztegiek euskarazko eta gaztelaniazko hiztegi-sarrerak dituzte. Bi talde handitan sailkatzen dira.

Lanbide Heziketa eta Enpresaren arloan, hiru hiztegi:

  • Elektronika eta mikroelektronika 
  • Energia berriztagarriak 
  • Zeramika 

Herri Administrazioa eta Zuzenbide arloan, bost hiztegi:

  • Bibliotekonomia 
  • Museologia eta Museografia 
  • Zigor-arloa eta espetxe zaintza 
  • Erregistro zibila 
  • Prozedura Zibila 

Terminologia Batzordeak onarturiko hiztegi guztiak Euskalterm Terminologia Banku Publikoan daude integratuta, eta bertan kontsulta daitezke on-line. Horrez gain, e-Toolbarrean sartuta daude dagoeneko Prozedura Zibilaren eta zigor-arloa eta espetxe zaintzaren hiztegietako unitateak; eta aurki egongo dira erregistro zibilaren hiztegiko unitateak justiziako itzulpen memorian sartuta.

Zortzi hiztegi terminologiko berri horiekin, guztira 49 hiztegi daude dagoeneko argitaratuta, eta beste batzuk argitalpena prestatzeko fasean daude.

Iturria:  www.irekia.euskadi.eus

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.