2016-11-11

Hogei urte adostasunaren bidetik

2016-11-11 Auzia Euskaraz!

Testu juridikoak euskaraz normalizatzeko Justizia Sailaren batzordea


10/82 Legean aitortu zen herritarrak Justizia Administrazioarekiko harremanetan euskaraz aritzeko eskubidea, eta horrek herritarrari erantzun beharra ezarri zuen administrazioaren bizkarrean. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez zuen 1996 arte bereganatu Justizia Administrazioko funtzionario eta baliabide materialen gaineko eskumena, eta 249/1996 Errege Dekretuak ireki zion bidea Justizia Administrazioan euskararen erabilera arautzeko.

Herritarrekiko idatzizko harremanetan euskararen erabilera sustatu beharra zegoen, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo zen epaitegietan erabiltzen ziren idazki-ereduak euskaratzea. Ez zen lan makala, baina. Alde batetik, milaka eta milaka eredu desberdin erabiltzen dira epaitegietan, eta, bestalde, euskarak urratu gabe zeukan ordura arte epaitegietako idatzizko komunikazioen bidea. Zegoen apurra bildu eta orraztu beharra zegoen, eta egiteko zegoen lan eskerga era bateratuan egin beharko zen, adostasuna oinarri, euskararen estatusa ez ezik, corpusa ere normalizatuko bazen. 

Horretarako bilgune bat eratzea deliberatu zen, ikuspegi desberdinen topaleku, zuzenbidearen eta hizkuntzaren uztarri. Batzordekideak, nortzuk? Alde batetik, unibertsitateetako zuzenbide-fakultateetako ordezkariak, epaile euskaldun bat eta abokatuen elkargoetako ordezkariak; Bestetik, IVAPeko itzultzaile zerbitzuko aditu bat, Justizia Administrazioko itzultzaile bat eta Justizia Saileko hizkuntza normalizazioko teknikari bat. Batzordeak aztertu eta eztabaidatu beharreko itzulpen-proposamenak egiteko, UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroa kontratatu zen, lehiaketa bidez.

Arian-arian finkatu zen gaur arte erabilitako metodologia: UZEIk itzulpen-proposamenak egingo zituen, batzordekideek aztertu eta nork bere oharrak egingo zituen haien gainean. Oharrak bildu eta guztiei banatu ondoren, horiek aztertu eta bileran eztabaidatu eta gero, ereduetako testua adostuko zen azkenik, epaitegietako izapidetze-sisteman txertatu ahal izateko gero.

Motela eta geldoa zen hasierako aldia, asko eta asko baitzegoen finkatzeko. Hala ere, erroak sendotu ahala, samurtuz joan zen bidea, eta, elkarlan horri esker, dagoeneko, handi-handia da itzulitako ereduen kopurua, hain zuzen ere, 6.642 eredu itzuli baitira orain arte. Eta ez da hori batzordearen lorpen bakarra: egindako lanak izan du aitorpenik, Euskararen Aholku Batzordeko terminologia batzordeak solaskidetzat hartzen baitu, zuzenbideko terminologiaz batzordearen iritzia entzunez. 

Baina batzordeari bide berri bat ireki zaio Auzia Euskaraz proiektuaren eskutik. Izan ere, 2013an sorturiko ekimen horren helburua epaitegietako prozesuetako urrats guztietan euskararen erabilera ziurtatu ahal izatea da. Hori lortzeko urrats egokienak zehaztearren, Justiziaren arlo guztietako eragileekin hainbat eta hainbat bilera egin ondoren, gehienetan berebiziko beharrizan bat jarri da agerian: profesionalentzat, ezinbestekoa da Estatuko lege nagusien itzulpen eguneratua eta adostua izatea esku artean.

Ordura arte, legeak itzultzeko bideak zenbait fruitu eman bazuen ere, ez dira gutxi erabilitako sistemak ekarri dituen eragozpenak: unibertsitate bakoitzak lege multzo bana itzultzeko ardura izan zuen eta, langintza horretan jardun dutenen arteko inolako koordinazio-protokolorik ezarri barik, halabeharrez, zeinek bere bidea hautatu zuen legean-legean jasotako terminologia eta fraseologia finkatzeko. Horrek, baina, erabaki desberdinak ekarri ditu kontzeptu berberak izendatzeko orduan.

Helburua, baina, euskara juridikoa normalizatzea bada, adostasuna bilatu behar da desberdintasunak bateratzeko eta, hartara, zuzenbideko profesionalei tresna eraginkorrak eskuratzeko. Hori dela-eta, egokitzat jo zen epaitegietako ereduak normalizatzeko batzordean erabilitako metodologia, eta batzordearen lanaren espezializazioa planteatu zen, ereduetatik lege-itzulpenera lerratuz. Hala, estrategikotzat jo zen Prozedura Zibilaren Legea, eta horri ekin zaio, 2000. urteko bertsioa hizkuntzaren eta zuzenbidearen aldetik eguneratuz.

Lanaren eskaera-maila ez da txikia, aurrekoaren aldean, itzulpen orok bezala, lege-testuen itzulpenak jatorrizkoa interpretatzea baitakar, baina interpretazio hori ezin da jatorrizkotik aldendu, ziurtasun eta segurtasun juridikoa bermatzearren, itzulitako testuak jatorrizkoaren mezu berbera eman behar baitu, ├▒abardura guztiak gordez, eta, anbiguotasunik izanez gero, horiek ere galdu gabe, eta, jakina, berririk erantsi gabe.

Horixe da duela 20 urte sortu zen batzordeak esku artean duen eta izan duen lana: ikuspegi desberdinen topaleku eta eztabaidagune izanik, adostasuna oinarri, lanerako tresna normalizatuak osatzea, euskara Justizia Administrazioaren arloan ziurtasunez eta segurtasunez erabil dadin.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.