2016-12-23

2016an egindako bidea, urteari errepasoa

2016-12-23 Auzia Euskaraz!


                              Photo credit: CESAR HZ via Foter.com / CC BY-NC

Urteko azken argitalpen honetan, bildu nahi izan ditugu Auzia Euskaraz proiektuan 2016an egindakoen artean nabarmenenak, errepaso modura. Urteko erronka nagusia Euskara Emaileen Komunitatea sendotzea izan da. Jada 531 euskara emaile ditugu, eta, kide horiei guztiei esker, aurten hainbat esperientzia positibo izan dira epaitegietan, tartean euskara hutsez emandako 3 epai. Hori horrela izan dadin, euskara emaileei baliabideak eskaini dizkiegu epaiBi-tik (e-Toolbarra, APP berria, pilula, etab.); eta, batez ere, eragile juridiko euskaldunek elkarren berri izateko eta informazioa partekatzeko, emaileen bilerak egin ditugu arlo prozesalean euskara gehiago erabiltzeko neurriak lantzeko . Aurten, iaz Bergaran eta Gernikan hasitako bideari jarraipena emanez, Tolosako epaitegietara hedatu dugu komunitatearen praktika. 

Horrekin batera, bulego judiziala trebatzeko saioak eskaini ditugu. Euskarazko auzietan berebiziko garrantzia du epaitegietako langileen lanak, eta saioon helburua izan da lan hori euskaraz egin ahal izateko baliabide eta tresnak erakutsi eta horiek erabiltzen trebatzea.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi, modu iraunkorrean mantentzen dugun lan ildoa, hots, proiektuaren zabalkundea. Hainbat albiste eta bideo sortu ditugu proiektuaren berri emateko, eta horiek kanal ugariren bidez zabaldu ditugu: Auzia Euskaraz bloga, buletin elektronikoa, Twitter kontua, intraneta, www.justizia.net… Facebook orria jarri dugu martxan, halaber. Besteak beste, gure lanaren oihartzuna kanpo hedabideengana heltzea lortu dugu (Hitza, abokatuen elkargoetako aldizkariak…), eta kolaboratzaileen sarea eratzen ere aritu gara, horren erakusgarri izan dira hainbat euskara emailek egindako kolaborazioak Auzia Euskaraz blogean.

Urte hasieran finkatutako erronkak betetzat ematen ditugu, 2017. urtea ere emankorra izan dadila.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.