2016-12-07

Abokatu Euskaldunen Eguna: pauso bat aurrera!

2016-12-07 Auzia Euskaraz!


Garazi Arraibi Bizkaiko Abokatu Euskaldunen Batzordeko kideak Auzia Euskaraz blogerako idatzi duen artikulua.
Abenduaren 2an euskararen eguna ospatu zen Bazkunean lehenengo aldiz. Abokatu Euskaldunen Batzordeak antolatuta, ekitaldia eta bazkaria egin ziren. Bazkuneko areto nagusian egin zen ekitaldian Abokatu Euskaldunen Batzordearen aurkezpena egitearekin batera, horrek izan duen bilakaera eta batzordekideen esperientziak ezagutzeko aukera polita izan zen. Ekimenaren helburuetako  bat Batzordea jendearengana hurbiltzea izan da. 

Lehenengo mahai inguruan, Esteban Umerez aurkezle, Jaime Eliasek eta Elixabete Piñolek Batzordearen ibilbidea azaldu zuten. Jaime Eliasek Batzordearen lehenengo urteetako historia ekarri zuen gogora. 1982an sortu zenetik izan diren lorpenen artean aipatu zituen 90eko hamarkadatik komunikazio gehienak euskaraz eta gaztelaniaz egiten direla, 1994tik aurrera Praktika Juridikorako Eskola (gaur egungo masterra) euskaraz egiteko aukera dagoela eta ofiziozko txanda ere hizkuntza bietan egin daitekeela. Bestetik, Bazkunak 2000. urtean “Bai Euskarari”  ziurtagiria lortu zuela gogora ekarri zuen, baita hainbat afari-tertulia antolatu direla ere euskaraz; besteak beste,  Xabier Arzallus, Iñigo Iruin eta Juan Mari Atutxa gonbidatuta. 


Batzordeak bizi izan dituen une latzak ez zituzten alde batera utzi nahi izan: intsumisoen garaian epaiketak euskara hutsean egiteko eskubidea aldarrikatzen zenekoa, adibidez. 
Ondoren, Elixabete Piñolek 2008tik gaur egun arteko fasean egin diren ekintzak azaldu zituen: epaitegi elebidunen aldeko kanpaina; 2013an Batzordeak izena aldatu zuenekoa (Euskara Batzordea Abokatu Euskaldunen Batzordea izatera pasa zen) eta urte berean epaiBi-k Auzia Euskaraz proiektua abian jartzea; Abokatu Euskaldunak Bizkaiko epaitegi desberdinetara joan zirela beste abokatu euskaldunen konpromisoa lortzeko; 2014ko “Justizian euskaraz, zergatik ez?” jardunaldia; e-Toolbarra, epaiBi-k garatutako abokatuentzat euskaraz lan egiten laguntzeko tresna, bulegoz bulego instalatu izana; Abokatu Euskaldunek 111 abokaturen atxikimendua lortzea; Eskualdetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna dela eta, bi urtetik behin Europako ordezkariak euskararen egoera zein den ikustera etortzen direneko bilera eta txostenak… 

Aurtengo ekimenak ere aipatu ziren, estreinakoz egin den Bizkaiko Legelarien I. Kongresuan euskara hutsean egin ziren 4 hitzaldi teknikoak eta, 2016an, lehenengoz, Bazkunean euskararen erabilera bultzatzeko trebatzaile-dinamizatzailea kontratatu izana (Txerra Rodriguez, EMUN). Hori tarteko, buletin berria argitaratuko dutela ere aurreratu zuten (“Zuzenbidea eta euskara”) eta euskara teknikoko ikastaro bat ere martxan jarri dutela abokatu zein Bazkuneko langileentzako. 

Goizeko bigarren saioa, berriz, Agurtzane Jimenez de Bikuñak aurkeztu eta bertan Endika Garaik eta Izarra Begoñak euren abokatutza lanean euskararekin izan duten harremana kontatu zuten. Endika Garairen mezua argia izan zen: epaitegietan euskara erabil dezakegu. Endikak Estrasburgoko Auzitegian defendatu zuen Auzitegi Gorenean eta Konstituzionalean euskaraz egin ahal izateko eskubidea. Gero, Izarra Begoña abokatuak azaldu zuen ikasketa guztiak euskaraz egin ondoren, lan mundura sartu zenean, euskararen egoera eskasa ikusteak asko harritu zuela. Horrez gain, hainba datu ere eman ziren: 2015ean  Euskadin 29 demanda sartu ziren euskaraz, 2011n baino 25 gehiago. Bestalde, hiru epai euskara hutsean eman dira, bat 2014an Bizkaiko Probintzi Auzitegian eta beste biak Tolosako epaitegian, bata 2015ean eta bestea 2016an.


Goizeko bigarren zatian, bi lantalde egin ziren, Abokatu Euskaldunak Batzordeari eta Bazkunari zer eskatzen dioten lantzeko; eta, azkenik, Abokatu Euskaldunen Eguneko ekitaldi nagusia amaitzeko Bazkuneko abesbatzak saioa eskaini zuen. Eguna borobiltzeko, eguerdian, Abando hotelean bazkaria eta bertso saioa izan zen Sustrai Colina (Zuzenbidean lizentziaduna), Galder Bilbao (Bizkaiko abokatua) eta Andere Arriolabengoa (Arabako abokatua) bertsolariekin. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.