2016-12-14

Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna

2016-12-14 Auzia Euskaraz!


Abenduaren 10ean ospatzen da Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna.

Eusko Jaurlaritzak, egun hori dela-eta, René Cassin sariak banatzen ditu urtero, giza eskubideen arloko balioak sustatzeko egiten den lana aitortzeko. 1887an Baionan jaioa Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren sustatzaile nagusia izan zen René Cassin, eta Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1968an;  hari zor dio izena sariak. 

Aurten, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformari eta errefuxiatuekin solidarioak diren hiru erakunderi (Salvamento Marítimo Humanitario, Zaporeak-Sabores Solidarios eta Comunidad de Sant’Egidio)  eman diete saria. Horrela, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Zuzendaritzak aitortu nahi izan du Frankismoko krimenen memoriaren alde eta errefuxiatuek bizi duten krisi humanitarioaren zein bidegabekeriaren aurrean eginiko lana.

Julia Monje, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kidea, larunbateko ekitaldian saria jaso zuten plataformako ordezkarietako bat izan zen, eta Euskadi Irratian egindako adierazpenenetan esan zuen pozik daudela eta erakundeen laguntzarekin borrokatzen jarraituko dutela. Auzi horretan, azken 5 urteotan aurrerapausoak eman direla azpimarratu zuen, Buenos Aireseko Maria Servini epaileak egindako inputazioak tarteko. Bestalde, azaldu zuen gaur egun hainbat udalekin harremanetan daudela eta lehen urratsak egiten ari direla, udalek erakunde gisa kereilak jar ditzaten.

Atzo, astelehena, errefuxiatuen auzian lanean diharduten hiru erakunde saritu zituen Jaurlaritzak: Salvamento Marítimo Humanitario gobernuz kanpoko erakundea, Egeo itsasoko (Grezia) krisi humanitarioan laguntzeko sortua; Zaporeak-Sabores Solidario proiektua, Chíos irlako (Grezia) errefuxiatuei eguneroko jakiak eskuragarri jartzea helburu duena; eta Comunidad de Saint´Egidio erakundea, erlijioen arteko elkarrizketa, herrien arteko senidetzea, pobreziaren aurka justiziaz borroka egitea eta heriotza-zigorra ezeztatzea sustatzen duena.

Informazio gehiago: www.irekia.euskadi.eus

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.