2017-02-22

Debekatuta Facebook-etik lortutako argazkiak baimenik gabe argitaratzea

2017-02-22 Auzia Euskaraz!



Auzitegi Goreneko arlo zibileko 1. salaren osoko bilkurak ezarri du pertsona baten norberaren irudirako eskubidea urratu duela “Opinion de Zamora” egunkariak, haren Facebook kontutik, baimenik gabe, argazki bat atera zuenean.

Arrazoi horrengatik Auzitegiak egunkaria kondenatu du gizonari 15.000 euroko kalte-ordaina ordaintzera. Horrez gainera,  debekatu dio argazki hori edozein euskarritan berriro argitaratzea, bai eta hedabidearen esku dauden ale guztietatik baztertzea agindu ere.

Gorenak azpimarratzen duenez, Interneteko sare sozial batean profila duen pertsona batek plataforma horretara argazki bat igotzeak ez dio baimenik ematen hirugarren bati argazkia erreproduzitzeko  –titularraren onespenik gabe–, publiko osoarentzat ikusgai egon arren; izan ere, Auzitegiaren arabera, ezin daiteke ondorio naturaltzat har argazkiaren erreprodukzioa, sare sozial bateko profil batean leudekeen eduki eta irudien izaera irekia izanagatik.

Gaineratu du, era berean, irudiaren jabeak onespena eman badu ere publiko osoak edo pertsona kopuru zehatz batek irudi hori blog batean zein sare sozial baten webgunean ikusteko, horrek ez dakarrela baimenik irudia erabili eta argitaratzeko  edo beste modu batean zabaltzeko, berariazko onespena eman beharra aurreikusten duelako 1/1982 Lege Organikoaren 2.2 artikuluak.

Sare sozialen erabilerak sortzen dituen egoera legal berrien aurrean Gorenak argi eta garbi bereizten ditu, batetik, irudia ikusteko sarbidea, eta, bestetik, hirugarrenenek hura argitaratzea, kasu honetan, hedabideek. Titularraren onespenik gabe ez dago hedabideetan argitaratzeko aukerarik.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.