2017-02-17

Zoru klausulen arloan espezializatutako lehen auzialdiko epaitegi bat egongo da probintzia bakoitzean

2017-02-17 Auzia Euskaraz!

Lurralde eskumenak bide emango du herritar guztiei erantzun bera emateko; hau da, zerbitzu bera jasoko dute biztanleek probintzia desberdinetan bizita ere.

Europar Batasunaren Justizia Auzitegiak (EBJA) eman berri duen epaiak zoru klausulekin lotutako auzi kopuruan ekarriko duen gorakadari aurre egiteko, larrialdi plan bat onartu zuen Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak pasa den astean.

Epaileen gobernu organoak uste du, nahiz eta 1/2017 Errege Dekretuak  ahalbideratuko duen auzien zati bat epaitegietatik at konpontzea, hazkunde handia gerta daitekeela hurrengo hileetan EBJAren epaitik eratorritako demandetan; horiek gehitu egingo litzaizkieke gai horrekin lotuta lehen auzialdiko epaitegietan dagoeneko izapidetzen ari direnei.
   
Honako hau da mahai gainean jarritako konponbidea: probintzia bakoitzean lehen auzialdiko epaitegi bat espezializatzea, eta erabiltzaile eta kontsumitzaileen babes eta kontratazioko baldintza orokorrei buruzko auzien eskumena, lurralde osokoa, epaitegi horrek izatea.

Kasuan kasuko justizia auzitegi nagusiaren nahiz epaile eta magistratuen arloko batzordeen partaidetzarekin erabakiko da zer epaitegi espezializatu. Proposamena da beren buruak eskaintzen dituzten organoak espezializatzea, eta, boluntariorik ez balego zein probintzia batean bat baino gehiago baleude, egoera hoberenean dagoen epaitegia hautatzea.

Eskumena esklusiboa eta ez-baztertzailea izango da: epaitegi horietan soilik izapidetuko dira zoru-klausulekin lotutako auziak, baina ez da hori haien zeregin bakarra izango, lehen auzialdiko gainerako auziak ere haien eskumenekoak izango dira. Izan ere, eskumen baztertzailea balitz, zoru klausulekin lotutako auziei erantzun eraginkorra emango litzaieke, baina gainkarga izango litzateke lehen auzialdiko gainerako epaitegientzat.

Hori dela-eta, errefortzu neurriak ere aurreikusi ditu Batzorde Iraunkorrak, eta epaitegi espezializatuek lurraldeari adskribatutako epaile baten edo batzuen laguntza izango dute. Epaile horiek gaiari buruzko formazio berezitua jasoko dute, haien ezagutza sendotzeko eta erantzun denborak murrizte aldera. Horrez gainera, Justizia Administrazioaren letraduak eta funtzionarioak izendatzea ere proposatzen da, bai eta bitarteko materialak gehitzea ere. BJKNaren arabera, komenigarria da plana ekainaren 1erako jartzea martxan.

Iturria: www.elderecho.com

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.