2017-03-14

2016an gora egin zuten tratu txarren emaileei ezarritako kondenek, genero indarkeriak eragindako salaketek eta biktimak babesteko neurriek

2017-03-14 Auzia Euskaraz!


Joan den astean, 2016. urteari dagozkion estatistikak eman zituen argitara Etxeko Indarkeriaren eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiak. Iaz, emandako datuen arabera, 2015arekiko 3 puntu portzentual baino gehiago hazi zen tratu txarren emaileei ezarritako kondena kopurua, ia hamaika puntuko hazkundea izan zen genero indarkeriagatik organo judizialetan aurkeztutako salaketetan, eta nabarmen egin zuen gora biktimak babesteko neurri kopuruak. 

Epaiekin hasita, 2015ean Estatuan genero indarkeriaren gainean eman zirenen artean, % 62,5 kondena epaiak izan ziren; iaz, berriz, % 66,2ra igo zen zenbateko hori -47.175 epai eman ziren: 31.232 kondenak eta 15.943 absoluzioak-. Kondena epaietan, 3,6 puntuko hazkundea izan zen, beraz, iazko urtean.

Bestalde, genero indarkeriarekin lotutako 142. 893 salaketa jaso zituzten Estatuko epaitegiek 2016an: 10,6 puntuko hazkundea 2015arekiko (urte hartan, 129.193 salaketa izan ziren). Beste alde batetik, 134.462 emakumek pairatu zuten indarkeria matxista (8 puntu eta erdiko igoera), eta horietatik 40.168 atzerritarrak ziren: % 29,9.

Genero indarkeriaren biktima izandako emakumeen tasari dagokionez, datu ilunenak Kanarietatik, Balearretatik eta Murtziatik datoz. Balear Uharteetan, 10.000 emakumetatik 56,7 genero indarkeriaren biktima izan ziren; Kanarietan, 93,3; eta, Murtzian, 81 -EAEn, 42,45 eta, Nafarroan, 46,28-. Datu txikiena Errioxan dute: 27,7.

Horrez gainera, nabarmen hazi zen iaz biktimak babesteko neurrien kopurua -22 puntuko igoera urruntze aginduetan eta komunikazio debekuetan-. Babes aginduetatik eta bestelako kautelazko neurrietatik eratorrita, biktimak babesteko 60.831 zigor neurri judizial hartu ziren. 

Azkenik, 16.485 kautelazko neurri zibil eman ziren, emakumeak eta adingabeak zigor prozedurak iraun bitartean babesteko. Zaintzeko eta jagoteko ardura 1.498 alditan eten zitzaien salatuei, eta bisita erregimena 1.035etan; bi kopuru horiek ia 2 puntutako hazkundea izan zuten 2015eko datuarekiko.

Iturria: abogacia.es

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.