2017-06-30

Zinpekoen epaimahaiak delitu-mota gehiago epaitu ditzake

2017-06-30 Auzia Euskaraz!


Auzitegi Goreneko zigor-arloko salaren osoko bilkurak aldatu egin du zinpekoen epaimahaiaren eskumenei buruzko doktrina. Aldaketaren bitartez, epaimahai mota horrek epaitu ditzakeen jokabide-motak ugaritu egingo dira, elkarri lotutako delituen kasuan.

Orain arte, zinpeko epaimahaiek ez zuten auzi asko epaitzeko eskumenik –egitateetako batzuk zinpeko epaimahaiari zegozkiolako, baina beste batzuk epaitegi profesionalei–, bada, hemendik aurrera, haiei eslei dakizkie horrelakoak.

Horren adibide da honako hau: bi hilketa egon direnean eta horietakobat saiatua izan denean, lehen, epaitegi profesionaletara bideratu behar ziren auzi horiek; aurrerantzean, zinpekoen epaimahaien esku gera daitezke.

Gorenaren doktrina aldaketa Prozedura Kriminalaren Legearen 17. artikuluaren aldaketak eragin du, zeinak delituen elkarren loturarekin zerikusia daukan eta bilatzen duen “makroepaiketa” delakoekin amaitzea.

Era berean, Goreneko magistratuek erabaki dute  zenbait delitu epaitu behar direnean -zinpekoen epaimahaiaren eskumenekoak guztiak-, arau orokorra izan dadila delitu bakoitzak prozedura bat jarraitzea, auziak metatu gabe.

Salbuespen bakarra PKLren 17. artikulu berriak aurreikusitakoa da: delitu desberdinak taldekatuko dira, hori egitea komenigarri denean haiek argitu eta erantzukizunak ezartzeko, salbu metatze hori prozesurako oso korapilatsua bada edo atzerapena sor badezake.

Horrela, bi delituren artean harreman funtzionala dagoenean -delitua egin, gauzatzea erraztu ala zigorgabetasuna eskuratzen laguntzeko-, horietako bat zinpekoen epaimahaiaren eskumen-eremukoa bada eta bestea ez, lotura dagoela ulertuko da, eta zinpekoen epaimahaiaren esku utziko dira elkarren lotura duten delituak.

Iturria: www.abogacia.es

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.