2017-09-22

2.262 demanda jaso dituzte abusuzko klausuletan espezializatutako EAEko epaitegiek

2017-09-22 Auzia Euskaraz!



Ekainaren 1ean martxan jarri zirenetik irailaren 8ra arte, 2.262 demanda jaso dituzte abusuzko klausuletan espezializatutako EAEko Lehen Auzialdiko epaitegiek —Araban 300, Bizkaian 1.439 eta Gipuzkoan 523—. Hala adierazi zuen joan den astean Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN) komunikatu baten bidez. Estatuan, guztira, 57.068 demanda jaso dira. Pertsona fisikoek abiarazitako ekintza indibidualei dagozkie demanda horiek, eta ondasun higiezinekin lotutako finantza kontratuetako baldintza orokorrei buruzkoak dira guztiak. 

Joan den ekainaren 1ean, premiazko plana abiatu zuen BJKNk hipoteka eskriturekin lotutako abusuzko klausulen inguruko auzien igoerari aurre egiteko. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak zoru-klausulei buruz 2016ko abenduaren 21ean emandako epaiaren ondorioz gertatu da igoera hori.

Planari jarraikiz, lehen auzialdiko zenbait epaitegi espezializatu egin dira, probintzia bakoitzeko bat. Epaitegi horien betebeharra da finantzaketa kontratuetako baldintza orokorren inguruko auziak bideratzea, mailegu hartzailea pertsona fisikoa izanik, bermea higiezin bat denean. Auzien artean daude, besteak beste, honako alor hauekin loturikoak: zoru-klausulak, muga-eguna aurreratzea, berandutze-interesak, hipoteka-gastuak eta multidibisa hipotekak.

BJKNn iragarri du, halaber, datozen asteetan Administrazioarekin bilerak egingo dituela plana aztertzeko eta balizko beharrak ebaluatzeko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.