2017-09-19

ELKARRIZKETA: BENITO MORENTIN, BILBOKO PATOLOGIAKO ARDURADUNA

2017-09-19 Auzia Euskaraz!




Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearen iazko memoria aurkeztu berri dutela-eta, Benito Morentini, Bilboko Patologiako arduradunari, elkarrizketa egiteko aprobetxatu genuen.

- Azken egunetan plazaratu da Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearen 2016ko memoria. Zer azpimarratuko zenuke 2016ko memoriatik? 

2015eko datuekin alderatuz, antzekoak dira, “continuum” bat dagoela esan dezakegu. Hiru herrialdeetan, guztira, 1.000 autopsia egiten ditugu, erdiak berezko heriotza kasuetan, eta, besteak, bortizkeriaz hildako pertsonengan. EAEn oso giza-hilketa gutxi izaten da, iaz 7 bakarrik, eta, normalean, kopurua 10-15 artekoa da, urteko.

Suizidioak gehiago izaten dira: iaz, 160 gertatu ziren guztira. Hor ere ez da joerarik ikusten, kopuru egonkorra da urterik urte. Era berean, auto-istripuetan egonkortzea egon da 2010etik.

Klinikaren atalean, 20.000 espediente ireki ziren guztira hiru herrialdeetan, eta, horietatik, 3.000k baino gehiagok epaiketa ekarri zuten. Erasoekin lotuta zeuden espediente horietatik 7.000-8.000. Hor, goranzko joera agerikoa da. Zuhurtziagabekeria arinen despenalizazioarekin, berriz, lan-istripu izendapena duten istripuen kopurua nabarmen jaitsi da. Forentseok ikertzen ditugun genero-indarkeria kasuak, bestalde, (2016an 1.200) gorantz egiten ari dira. Azkenik, sexu-erasoen kopurua egonkor mantendu da: 250 eraso urtean, gutxi gorabehera.

-  Zein izan zen iaz, zure ustez, gertaerarik azpimarragarriena zuen arloan?

Nire iritziz, 2016ko berririk garrantzitsuena auzitegi-medikuen greba luzea izan zen. Trebakuntzaren gaian zeozer lortu dugun arren, beste arloetan (Osakidetzako medikuekin parekatzea gure lan-baldintzak) ez da ezer erdietsi. Gobernu berriarekin espero dut negoziazioa aurrera joatea.

-  Eguneroko lanean euskara erabiltzen duzu? Zertan? 

Bi alde bereiziko nituzke. Eguneroko lanean, mediku euskaldun batzuk gaude, eta laguntzaile eta tekniko batzuk ere euskaldunak dira. Gure artean euskaraz dihardugu, laneko kontuez ere bai. Kanpora begira, Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundea elebakarra da. Protokoloak, txostenak… dena egiten da gaztelaniaz. Ez da euskarara itzulitako protokolorik erabiltzen.

Agian, plazaren bat perfilatuta egongo da, baina auzitegiko medikuoi ez zaigu euskara jakitea eskatzen, ezta erabiltzea ere.

- Zer esperientzia izan duzu epaitegietan hizkuntzari dagokionez? Eragozpenik bai euskaraz aritzeko? Bilakaerarik izan da azken urteotan? 

Elebakar sentitzen dut epaitegia. Ez dut eragozpenik aurkitzen, ez dudalako nire eskubidea erabiltzen, autozentsura moduko bat egiten dut. 

Bilakaera negatiboa da, nire arloan behintzat. Nire ustez, praktikan ez da ezer lortu. Iruditzen zait, herritarrek epaitegietan euskara gehiago erabiltzeko, eremu soziopolitikoan eragin beharko litzatekeela, jarrera pertsonaletatik harago.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.