2017-10-24

Onartuta Sektore Publikoko Kontratuen Lege berria

2017-10-24 Auzia Euskaraz!



Kongresuaren osoko bilkurak onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Lege berriak kontratazio sistema publikoaren marko berria ezartzen du, honako helburu hauekin: eraginkortasuna eta gardentasuna hobetzea, izapideak sinplifikatzea, enpresa txiki eta ertainen parte-hartzea erraztea, eta administrazio publikoek helburu sozial komunak lortzeko erabiltzea markoa bera.

Indarreko kontratazio publikoari buruzko arauetan azken urteotan izandako berrikuspen eta modernizazio prozesuan eratutako legeria komunitarioa txertatzen du Legeak gure ordenamendu juridikoan. Legea indarrean sartuko da, BOEn argitaratu eta lau hilabetera, azken xedapenetako zazpigarrenean ezarritakoari jarraikiz.

Lege berriak lortu nahi du, batetik, gardentasun handiagoa kontratazio publikoan, eta, bestetik, kalitate-prezio harreman hobea. Horretarako, zainduko du adjudikazio irizpideetan kontuan har daitezela aspektu kualitatiboak, ingurumenezkoak, sozialak eta berritzaileak.

Beste helburu nagusietako bat du lizitatzaileei burokrazia arintzea eta enpresa txiki eta ertainei  (ETE-ei) sarbidea erraztea; alegia, lizitazio-prozesua  sinplifikatzea.

Azken batean, Legearen xedea da kontratazio sistema publiko eraginkorra diseinatzea, bai eta ondorengo printzipioak bermatzea ere: tratuan berdintasuna, diskriminazio eza, gardentasuna, proportzionaltasuna eta zuzentasuna.

Lege honek arautuko ditu sektore publikoko subjektuek esleitutako kontratuak; hots, herri-lanak egiteko kontratuak, zerbitzu- zein horniketa-kontratuak, eta kontratu mistoak.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.