2017-11-23

Berri faltsuen aurkako neurriak

2017-11-23 Auzia Euskaraz!


Europako Batzordeak martxan jarri du lineako berri faltsuei eta desinformazioari buruzko kontsulta publiko bat, eta goi mailako adituen taldea ere sortuko du, unibertsitateetako ordezkari, lineako plataforma, hedabide eta gizarteko erakundez osaturikoa. 

Horren guztiaren helburua da europar mailako estrategia garatzen laguntzea, berri faltsuen zabalkundearen aurka; 2018ko udaberrian da aurkeztekoa estrategia.

Kontsulta publikoan, ikuspuntuak elkartrukatzera gonbidatuta daude  herritarrak, sare sozialetako plataformak, hedabideetako erakundeak, ikertzaileak eta herri-agintariak –otsailaren erdialdera arte izango dute aukera–. Parte hartzaileek azalduko dute zer iritzi duten honako gai honi buruz: zer neurri hartu beharko liratekeen Europar Batasunean hiritarrei tresna eraginkorrak eskaintze aldera informazio fidagarri eta egiaztatua identifikatu ahal izan dezaten.

Espero da jasoko diren ekarpenak hiru eremu hauetakoak izatea:

  • Arazoaren norainokoa: zer irizten duten herritarrek eta alderdi interesdunek, nola detektatzen duten lineako desinformazioa, eta hedabide desberdinengan duten konfiantza.
  • Arazoari aurre egiteko orain arte hartutako neurrien balorazioa.
  • Etorkizuneko balizko ekintzak, informazio fidagarria eta egiaztatua jasotzeko eta lineako desinformazioari aurrea hartzeko.

Kontsulta ez da edukiak legearen aurkakoak direnerako: kasu horietan, dauden legegintzako eta autoerregulazio-neurriak aplikatzekoak baitira.

Europako Batzordeak adituen talderako hautagaitzak aurkezteko deialdia egin du; epea abenduaren erdialdera arte dago irekita. Talde horrek aholku emango dio Batzordeari honako hauen gainean: fenomenoa nola zedarritu, alderdi interesdunen funtzioak eta erantzukizunak zehaztu, nazioarteko dimentsioa kontuan hartu… 

Iturria: Abogacia.es

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.