"Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordea": gaiaren inguruan ikertu, ebaluatu eta Eusko Legebiltzarra zein Jaurlaritza aholkatuko dituen organo berria

2017-12-12 Auzia Euskaraz!



Azaroaren amaieran egin zen “Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordea” osatzeko bilera, Iñigo Urkullu Lehendakariak, Eusko Jaurlaritzako Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekarekin batera, zuzenduta, eta 2015eko uztailaren 25eko 5/2015 Legea, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzkoa, aintzat hartuta.

Batzorde horren xedea da Euskal Zuzenbide Zibila ikertu, ebaluatu eta bere garapena sustatzea; besteak beste, legeak aldatzeko beharraz informatzeko proposamenak, aldaketak eta berrikuntzak egiteko, gaiaren inguruko aholkularitza emateko Legebiltzarrari eta Jaurlaritzari, eta eztabaida profesionala bultzatzeko.

Batzorde berriaren egitekoak 5 lan-arlotan daude sailkatuta:

1. Jaurlaritza zein Legebiltzarra Euskal Zuzenbide Zibilaren inguruan aholkatzea.
2. Indarreko Zuzenbidea aztertzea eta ikertzea eta, gehienbat, Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten lurralde historikoetako Zuzenbide zibila, forala eta berezia, idatzia edo ohiturazkoa.
3. Estatu mailako eta Europako arau-markoa arretaz jarraitzea eta ebaluatzea. Horrela, Estatuan edo Europan onarturiko arauen ondorioz gerta litezkeen aldaketez edo eraginez aurretiaz ohartzeko organoa izango da.
4. Zuzentasun teknikoa, lengoaia juridikoaren argitasuna, estiloen batasuna, lengoaia juridiko inklusiboarekiko begirunea, eta abar sustatuko ditu.
5. Arautze egokiaren, jardute egokien eta gobernantza egokiaren printzipioak bermatuko ditu, arauen ekoizpenari dagokionez.

Batzorde berriak, gainera, euskararen erabilera sustatuko du Euskal Zuzenbide Zibilaren adierazpen hizkuntza bezala. Terminologia juridikoa ikertzen, sustatzen eta zabaltzen lagunduko du, lankidetzan arituz Euskaltzaindiarekin, Eusko Legebiltzarrarekin, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin (IVAP) eta euskara juridikoaren erabileran aditu diren zenbait eragilerekin. 

Iturria: justizia.eus

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.