Hobi komunetatik gorpuak ateratzeari buruzko nazioarteko kongresua izan da EHUko uda-ikastaroen baitan


Memoria Historikoari buruzko “Gorputz deserosoak, indarkeria masiboa, hobi komunak eta nekropolitika” nazioarteko kongresua izan da uztailean Euskal Herriko Unibertsitatearen uda-ikastaroen baitan. Kongresu hau, medikuntzan doktore eta Lege eta Auzitegi Medikuntzan aditu Francisco Etxeberriak eta Ikerketa Zientifikoen Kontseiluko Nagusiko zientzialari titular Francisco Ferrándiz Martínek zuzendua izan da.
Helburua zen munduko hainbat lekutan gorpuak hobietatik ateratzeko egin izan diren prozesuak kritikoki aztertu eta prozedurak elkarren artean alderatzea, hots, testuinguru historiko, politiko eta kultural desberdinetan hobi komunetatik gorpuak ateratzeak duen papera erkatzea.

Espainiako estatuko kasuei dagokienez, autonomia erkidego batzuek bultzatutako memoriaren inguruko politika publikoak aztertu dira, zehazki, Nafarroa, Valentzia, Andaluzia eta Euskadiko kasuak aztertu dira; hango ordezkariek, halaber, erkidego arteko lankidetza bultzatzeko beharra eta nahia adierazi dute. Mahai-inguruan parte hartu dute Nafarroako Gobernuko Bakea, Elkarbizitza eta Giza eskubideen zuzendari Álvaro Baraibarrek, Andaluziako Juntako Memoria Demokratikoaren Zuzendari Nagusi Francisco Javier Giráldezek, Valentziako Generalitateko Eraberritze Demokratikoaren Zuzendaritza Nagusiaren buru Eduardo García-Leonardo Tobarrak, Gogora Eusko Jaurlaritzaren Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendari Aintzane Ezenarrok.

Estatu Espainoleko eta Euskal Herriko auziez gain, Errusia, Timor, Afrika Erdiko Errepublika, Holanda, Alemania, Amerikako Estatu Batuak, Vietnam, Polonia, Peru, Kolonbia, Mexiko eta Argentinako kasuak aztertu dira, eta horretarako, hainbat arlotako ikerketa esparruetako adituek hartu dute parte —medikuntza forentsea, antropologia soziala, soziologia, zientzia politikoak, arkeologia, historia eta filologia—.
Topaketak Ikerketa Zientifikoen Batzorde Nagusiak, Aranzadi Zientzia Elkarteak, EHUk eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatu dituzte.

Iturria: justizia.eus (intranet)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.