EUSKARALDIA

11 egun euskaraz

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra

Honez gero ezagunak egiten zaizkizu bai EUSKARALDIA izena, bai eta haren logo koloretsua ere. Eta, ba al dakizu zer den? Datozen lerrootan atondu ditugu jakingarri labur batzuk zuk zeuk ere parte har dezazun.

Zer da EUSKARALDIA?

Hizkuntza-ohiturak astindu eta eguneroko harremanetan euskaraz gehiago egiteko saioa da, azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo duguna, euskara gutxienez ulertu, eta hitz egiten dugunon artean Euskal Herri osoan.




Zer lortu nahi dugu?
  •       Uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela erakustea, gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astinduz gero.
  •        Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna baino gehiago dela konturaraztea; erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortzea.
  •        Hizkuntza-ohiturak aldatzea norberaren aukera eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera, erosoago eta lagunduago egitea.

Nola egingo dugu?

Bi rol hauetako bat hartuta 11 egunez:
  • Ahobizi’: Ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.
  • Belarriprest’: Egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.

Nork har dezake parte?

  • 16 urtetik gorako herritarrok eman dezakegu izena.
  •  ‘Ahobizi’ izateko, euskaraz hitz egiten jakin behar da.
  •  ‘Belarriprest’ izateko euskara ulertu behar da
Ni, ahobizi
Ni, belarriprest





      

     

Irizpideak betez gero, norberak erabakiko du zein roletan izena eman.
2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, ‘Ahobizi’ edo ‘Belarriprest’ ikurra soinean eraman, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dugu!                                                                             
Eta bitartean, zer egin dezakegu?


Herriz herri eta hainbat enpresa eta entitatetan antolatzen ari diren batzordeetan parte har dezakezu. Herriko eragile eta euskaltzaleek herrian  antolatutako batzordeetan zure ekarpena egin eta inguruan Ahobizi eta Belarriprest berriak aktibatzen denok egin dezakegu gure ekarpena.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.