Hemen da 21. Korrika!

2019-04-04 Auzia Euskaraz!

Klika” leloa aukeratu du AEK-k aurtengo Korrikarako. 21. edizioa izango da eta apirilaren 4tik 14ra bitartean zeharkatuko du Euskal Herria, Garesen hasi eta Gasteizen bukatu. Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” omenduko du euskararen aldeko lasterketak, kulturan, euskalgintzan eta pentsamenduaren alorrean egin zituen ekarpenengatik.

www.korrika.eus webgunean une oro Korrika nola doan zuzenean ikusteko aukera egongo da. Gainera, Garesko eta Gasteizko ekitaldiak zuzenean izango dira, euskarazko hedabideen elkarlanari esker. Horrez gain, hainbat hedabidek etengabeko jarraipena egingo dute: 19:00etan, 20:00etan, 21:00etan eta 21:15etan eguneroko saioak egongo dira Kanalduden, BERRIA Tbn, Hamaika Telebistan eta ETB1en.

www.korrika.eus

Bestalde, KORRIKAren bideoak webgunean nahiz hedabideen atarietan aurkitzeko aukera egongo da.

Hau da aurtengo Korrikaren mezua:

Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea
Hautua da euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea. Klika egitea da euskaraz ahalduntzea, euskaltegietan matrikulatzea.
Klika da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzea. Konpromisoak hartzeko garaia da.
Klika garai berri bati, kulturari, gure hizkuntzari. Egin klik begiak ondo irekita. Hartu arnasa sakon, euskal inguruneari begiratu, eta klik egin bizitzeko, aske izateko, euskara aukeratzeko. Egin klik, ikimilikiliklik! AEK-k euskara du gizarte berri baten ardatz, eta mundu horretarako zu aukeratu zaitu, zugan klikaturik. Klika, etorkizunera salto egiteko. Klika Korrika.
Klik eginez iziotzen ditugu hizkuntzaren argiak, doinuak, ahogozoak; klika da euskal musika-txaranga, eta klikatuz asetzen dugu euskara-klika, euskara-egarria, euskara-gosea.
Euskarak hurrengo fasea klikatu du: akzioarena, konpromisoarena; euskara unibertsal bihurtuko dugu, eta klik eginen du denon zeruan. Euskal Herriak hartu du euskararekiko kontzientzia, sortu du euskal komunitatea. Euskararen aroan gaude; orain da unea: etorri euskarara, aktibatu, erabakiak hartu, klik egin, euskaraz egin.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.