Nor gara

Auzia Euskaraz proiektua Justizia Administrazioko hainbat eragilek osatzen dute, besteak beste, abokatu eta prokuradoreek, epaitegietako langileek, epaile eta magistratuek, Justizia Administrazioaren letraduek, fiskalek eta auzitegi-medikuek.

Talde horien guztien lana koordinatzeko lanetan Justizia Administrazioko Hizkuntza Normalizazio lantaldea (epaiBi) ari da; hura izan da proiektuaren sustatzailea. Ekimen honen helburua da, herritarrek hala eskatzen dutenean, auziak osorik euskaraz izapidetzea, demanda aurkeztetik bulego judizialetako barne tramitazioa egin eta epaia eman arte.

 Dokumentu judiziala euskaraz


Proiektu honen bukaerako helburua da, beraz, EAEko edozein epaitegitan auzi bat hasieratik amaierara euskaraz izapidetzea. Iparra hori izanda, proiektu honetan parte hartzen ari garenon lana, oraingoz, bitarteko zereginetara bideratuko da, prozesu hori gauza dadin azpiegitura eraikitzera.

Lantaldeak 

Auziak euskaraz izapidetzea lortzeko bidean aurrera egiteko, auziek izaten dituzten faseetan agertzen diren askotariko oztopoak gainditu beharra dago. Eragile askok hartzen dute parte eta denek ez dute euskaraz jakiten edo ez dute ezagutza nahikorik euskaraz lan egiteko; hori ere zailtasun bihurtzen da herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko garaian. Beheko diagraman azaltzen da oro har zein eragilek hartzen duten esku auzietan:



Helburua erdiesteko bidean aurrerapausoak emateko, epaiBik eragile horiek guztiak barne hartzen dituen proiektu bat bultzatu nahi izan du, horien guztien laguntza eta parte-hartzea ezinbestekoa izango baita helburua lortu ahal izateko. 

  • Eragile horiekin lantaldeak osatzea da asmoa; hasteko, hauek ekingo diote lanari:
  • Epaitegietako funtzionarioen lantaldea
  • Profesionalen lantaldea (abokatuak eta prokuradoreak)
  • Epaile eta magistratuen lantaldea
  • Fiskalen lantaldea
  • Justizia Administrazioaren letraduen lantaldea (lehengo idazkari judizialak)

Auzia Euskaraz Batzordea

Lantaldeen arteko elkarlana, komunikazioa eta koordinazioa oso garrantzitsuak dira, eta hori bideratzeko, Auzia Euskaraz Batzordea eratu da. Batzorde horretan, besteak beste, proiektuaren helburuak zehazten dira, lanak bultzatzen dira eta egon daitezkeen oztopoak gainditzen laguntzeko bideak definitzen dira (batzordeko kideak).


Auzia Euskaraz proiektuak "Hobekuntza taldeak" izeneko parte hartzezko metodologia hartzen du oinarri, non pertsonak izango diren protagonista, egile eta eragile. 


Testuingurua 

Lege aldetik, proiektu 174/2010 Dekretuaren hautestuinguruan kokatzen da, EAEko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzari buruzkoan. Dekretu horrek dio Justizia Administrazioarekin harremanetan dagoen edozein herritarrek euskaraz nahiz gazteleraz egiteko eskubidea duela eta Administrazioak hori bermatzeko bideak jarri behar dituela. Dekretuak euskararen erabilera sustatu nahi du eremu judizialean, eta horretarako ondorengo neurriak aipatzen dira bertan:

 •    Lanpostu jakin batzuk lanpostu berezi gisa sailkatzea, hizkuntza eskakizunak esleituz
•    Epaitegietako unitateak katalogatzea hizkuntza-betebeharrei begira, herritarrekiko harremana zuzenagoa edo zeharkakoagoa den eta laneko harreman-arloa nolakoa den oinarritzat harturik
•    Euskaran trebatzeko ikastaroen eskaintza arautzea
•    Euskara erabiltzeko programak arautzea
•    Lantalde elebidunak funtzionalki eratzea


Horrez gainera, Auzia Euskaraz proiektua bat dator EAEko Justizia Administrazioan Hizkuntza Normalizatzeko Plan Orokorreko 5 helburu estrategikoekin:

1.- Euskarari garrantzi gehiago eskaintzea, eta horri hedapena ematea. 
2.- Herritarren eta profesionalen artean euskarazko zerbitzuen erabilera sustatzea, eskaintza ugarituz. 
3.- Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten funtzionarioen artean euskararen erabilera sustatzea.
4.- Epaile, fiskal, eta idazkari judizialek euskararen normalizaziorekiko jarrera positiboa izan dezaten saiatzea.

5.- Abokatuak sentsibilizatzea eta gaitzea. 














iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Mila esker zure ekarpenagatik.