Euskara juridikoa bateratzen
Euskara juridikoa bateratzen
egilea: Auzia Euskaraz (Epaibi),
2014-09-29 Auzia Euskaraz!
Biltze lanak dagoeneko aurreratuta
Terminologia bateratzeko lanak zertan dira?
Orain arte justizia arloko eragileekin egindako bileretan behin eta berriz atera izan dira justizia arloko operadoreek euskarazko lexiko juridikoari buruz dituzten kezkak: batetik, kontsulta iturrien sakabanaketa, eta bestetik, batasunik eza.
Biltze lanak dagoeneko aurreratuta
Hasteko, eta dagoeneko egindako lana aipatze aldera, euskara juridikora itzulitako testuak toki bakar batean kontsultatzeko aukera aipatu beharko genuke. Lan hori Justizia Sailak bultzatu du eta horren emaitza www.justizia.net webgunean dago ikusgai herritar denen eskura. Euskarara itzulitako testu juridikoak bildu eta itzulpen memoria bat sortu da, gaztelaniazko eta euskarazko testu zatiekin bikoteak eginez -bikote bakoitzari itzulpen unitate deitzen diogu-, eta, hala, 300.000 itzulpen unitate baino gehiago ditu memoriak une honetan.
Memoria horretan, iturri desberdinetako testuak (legeak, epaiak eta epaitzak, abokatuen formularioak, epaitegietako ereduak.) txertatu dira eta euskaraz sortutako testu juridikoen bilduma handienetako bat dela esan dezakegu. 2013ko azaroan egin zen itzulpen unitateen azken karga masiboa -4.200 unitate sartu ziren guztira-, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), sailarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker argitaratutako Legeak-Leyes izeneko 14 lexiko edo hiztegi kargatu ziren, hain zuzen. Bestalde, karga masibo horiez gain, epaitegietako langileek egunean-egunean sortzen dituzten testu berrien eta horien itzulpenekin memoria elikatuz jarraitzen dugu.
Justiziako webgune horretaz aparte, Euskalbar tresnaren erabiltzaileek aukera dute barra horren bidez memoria kontsultatzeko, hiztegien atalean "Epaitegietako lexikoa" aukera aktibatuta. Guk sorturiko e-Toolbar tresnaren erabiltzaileek itzultzailea izeneko atala kontsultatzean ikusten dituzten emaitzak ere memoria horretan oinarritzen dira.
Horrenbestez, euskarazko testu juridikoen bilketa lana hein handi batean eginda dagoela esateko moduan gaude.
Terminologia bateratzeko lanak zertan dira?
Sarri aipatzen den beste arazo bat da terminologia juridikoa ez dagoela estandarizatuta. Izan ere, orain arte itzulitako testuetan nabaria da terminologia arloko batasunik eza. Esaterako, memoria kontsultatzean behin baino gehiagotan gertatuko zaigu gaztelaniazko termino baterako euskaraz bi termino desberdin (edo gehiago) izatea. Orain arte, legeak itzultzeko lanak EHUk eta Deustuko Unibertsitateak gauzatu dituzte, bakoitzak bere irizpideak erabilita.
Hala ere, arlo juridikoko hizkera normalizatze aldera, nahitaezkoa da irizpideak adostu eta bateratzea. Bideak elkartu eta norabide batean aritzeko ahaleginak egiten hasiak gara. Horretarako oinarri egokia iruditzen zaigu Justiziako Euskara Batzordea. Batzorde horretan, epaitegietan erabiltzen diren eredu elebidunen euskarazko atala landu izan dute, bi unibertsitateetako ordezkariek parte harturik, hizkuntzaren zein zuzenbidearen arloetako beste aditu batzuekin batera.
Hala, une honetan, legeen itzulpena eguneratzeko elkarlanean dihardute: dagoeneko, Prozedura Zibilaren Legearen testu bategina eguneratzeko lehen urratsak eman dira. Batzordean Justizia Saileko epaiBi Normalkuntza Taldeko teknikariek hartzen dute parte, eta hartzen diren erabakiak erabiltzaileen artera zabaltzen ditugu, esaterako, bi terminoren artean bat erabiltzea lehenesten denean, memorian ordezkapenak egiten ditugu.